Erosketa pribatu arduratsua

Alboanek eta REAS Euskadik hiru gida praktiko sortu dituzte, hezkuntza-zentroetan, ETEetan eta gizarte-erakundeetan erosketa arduratsurako sentsibilizazio- eta kudeaketa-tresna gisa balio izan nahi dutenak

Erosketa arduratsua enpresa hornitzaileen hautaketa-prozesuetan gizarte- eta ingurumen-irizpideak txertatzean eta erakunde publikoek, enpresek, erakundeek, gizarte-eragileek eta herritarrek produktuak, zerbitzuak eta hornidurak erostean datza. Kontsumitzaileari, indibidual edo kolektiboari, bere kontsumoarekin praktika eraldatzailea gauzatzeko eta sustatzeko aukera ematen dion tresna da:

  • Giza eskubideen eta lan-baldintza bidezkoen defentsa.
  • Merkataritza harreman bidezkoagoak, inklusiboagoak, demokratikoagoak eta jasangarriagoak.
  • Ekonomia sozial eta solidarioa, feminista eta ekologikoagoa, ongi komunaren zerbitzura.

Ikuspegi horretatik, gero eta eragile pribatu eta gizarte erakunde gehiagok ikusi dute erantzukizun eta iraunkortasun irizpideetan oinarritutako erosketak kudeatzeko politika garatzeko aukera, hezkuntza-sektorea, enpresa-sektorea eta gizarte-arloa izanik norabide horretan lan egiteko eremu pribilegiatuak. Alde batetik, oro har, sektore ekonomiko esanguratsuak direlako zenbait produkturen erosketan eta zerbitzu eta hornikuntza ezberdinen kontratazioan, beraz, arlo horretan duten potentzial eraldatzailea garrantzitsua da. Bestetik, erosketa arduratsuaren praktikak posible egiten duelako entitatearen kudeaketa esparrua, hainbat ikuspegitatik, ingurumenarentzako ekonomia eraldatzailea sustatzen duten erakunde-ideia eta proiektuekin lotzea.

Kudeaketa ekonomiko konplexua duten erakundeetan erosketa arduratsuko politikak hartzeko zailtasunak direnaren jakitun dira bi erakundeetan, eta horregatik garrantzitsua iruditzen zaie aldaketa horiek urrats progresiboak emateko prozesutzat hartzea. Argitalpen horiekin hezkuntza-zentroei, ETEei eta gizarte-erakundeei lagundu egin nahi diete beren politika eta praktikak aldatzeko bidean, beren funtzio sozial eta ekonomiko eraldatzailea indartzeko. Espero dute baliagarriak izatea eta entitate hauek kontsumo eraldatzailearen aldeko mugimenduarekin bat egitea eta, horrela, gizarte hobeak eraikitzen laguntzea, pertsona guztientzat eta planeta osorako justizia ekosozialarekin konprometituz.

Alboanek eta Red de Economía Alternativa y Solidaria-REAS Euskadik sustatutako lan hori “Prácticas y propuestas ecosociales para una economía al servicio de la vida desde un enfoque local-global” egitasmoaren barruan kokatzen da eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren finantzaketa du.