Emakundek gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna ikertzeko emandako beka baten emaitza den “Erresistentzia antifeministak” izeneko azterlana aurkeztu du. Lan hori Deustuko Unibertsitateko ikertzaile Miren Gutierrezek koordinatu du, eta Garazi Azanza, Miren Berasategi, Xabier Landabidea, Asier Leoz, Irene Pérez-Tirado, María Pilar Rodríguez, Lorena Ronda eta Cristina Ubanik parte hartu dute.
Ikerketaren helburua izan da eduki digitalak aztertzea aurrerapen feministekiko kontrako erreakzioak azaldu eta ulertzeko eta fenomeno horiek arintzeko estrategiak bilatzeko. Txostenaren arabera, zuzeneko lotura dago diskurtso matxista, misogino eta erreakzionarioen eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean.
Erresistentzia antifeministak
Azterlanak nabarmentzen du erresistentzia antifeministak berpizteko joera dagoela genero-berdintasunerantz aurrerapen esanguratsuak gertatzen diren bakoitzean. Erresistentzia horien helburua da genero-ikuspegiak gizarte-politika eta -praktiketan txertatzea oztopatzea. Etorkizun berdinzaleago baterantz aurrerapausoak eman diren arren, eraldaketa digitalaren egungo joerek ez dute genero-berdintasuna bultzatzen, ezta emakumeen ahalduntzea ere.
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak adierazi duenez, “Erresistentzia antifeministak behin eta berriz agertzen dira berdintasuneranzko aurrerabidearen zantzuak sortzen direnean, genero-ikuspegiak politiketan eta praktika sozialean txertatzea oztopatzeko helburuaz”. Emakundeko zuzendariaren hitzetan, “nahiz eta etorkizun berdinzaleago baterantz aurrera egin, eraldaketa digitalaren egungo joerek ez dute laguntzen genero-berdintasuna, emakumeen eskubideak eta haien ahalduntzea lortzen; eragin handiko korronte bat dago, batez ere gizon gazteei eragiten diena, maskulinitate hegemonikoa nabarmentzen duena, gizonak biktimizatzen dituena, berdintasunaren eta feminismoaren diskurtsoen aurrean jarrera defentsiboan jartzen dituena”.
Ingurune digitala
Ikerketa-taldeak komunikabideen, plataformen eta sare sozialen eduki digitalak aztertu ditu, eta ondorioztatu du berdintasunerako aurrerapenen aurkako erreakzioak iraunkorrak direla. Mezu horiek aurrez aurreko erasoak, biktimen erruduntasuna, mespretxua, iseka eta genero-desberdintasunak ukatzea barne hartzen dituzten mezuetan adierazten dira. Erresistentziak berdintasuna sustatzen duten erakunde, politika, ideia eta pertsonen aurkakoak dira.
Azterlanak identifikatzen du erresistentzia horiek aztertutako edukien maila guztietan agertzen direla eta feminismoari erasotzen diotela, gehiegizkoa, malgua, biktimista, erradikala, zurruna, ezkerrekoa, atzeratua eta baztertzailea dela esanez. Era berean, hizkuntza inklusiboen erabilera kritikatu eta barregarri uzten dute, eta 8M mugimendua gaitzesten dute, gizonen aurkako mobilizaziotzat hartuz, eta #MeToo mugimenduaren ekimenak baztertzen dituzte.
Euskadi berdintasunezko erkidegoa dela uste den arren, ikerketak erakusten du ez dela erresistentzia antifeministekiko immunea, eta, hala, arazo global bat erakusten du. Erresistentzia horiek sotiltasunetik bortitzetaraino alda daitezke, eta erronka nabarmena dira berdintasunaren aldeko borrokan, bereziki plataforma digitaletan, non politikariei, aktibistei eta kazetariei eraso pertsonal gisa aurkezten zaizkien.