TUI Fundazioak Europako 16 eta 26 urte bitarteko gazteek euren herrialdeetako egoera politikoa nola ikusten duten aztertu du. Ikerketa zazpi herrialdetako (Alemania, Erresuma Batua, Espainia, Frantzia, Grezia, Italia eta Polonia) 6.080 gazterekin egin da eta Italiako (% 90), Greziako (% 89) eta Espainiako (% 86) gazteak izan dira euren sistema politiko nazionalarekin kritikoenak. Estatuaren kasuan, gazteen % 35k aldaketa sakonak behar direla adierazi du eta % 51k, berriz, zenbait aldaketarekin nahikoa dela uste du.
Euren herrialdeko sistema politikoa hoberen baloratu duten gazteak Alemaniakoak dira: bertako gazteen % 39k sistemak behar bezala funtzionatzen duela uste du. Espainian iritzi bera duten gazteen kopurua % 11koa besterik ez da.
Europar Batasunaren parte izateari dagokionez, Espainiako gazteak dira euren herrialdea EBen egotea hoberen ikusten dutenak; % 55aren ustez EBren barruan izateak mesede handia egiten dio Espainiari. Txanponaren beste aldean Alemaniako gazteak aurkituko lirateke (%9). Espainian Brexit antzeko erreferendum bat egingo balitz gazteriaren % 85k EB barruan jarraitzearen alde bozkatuko luke. Pasa den urtean kopuru hori 12 puntu baxuagoa zen. Erresuma Batuaren kasuan, gazteen % 63 EB barruan jarraitzearen aldekoa da. Oro har, Europar Batasunean mantentzearen alde diren gazteen kopurua hazi egin da azken hamabi hilabeteetan. Une honetan, batez besteko kopurua % 71koa da.