Defendatu berri duzun doktorego-tesian (“Iceberg digital matxista” izenburua duena) esparru digitalean euskal gazteriak azaltzen dituen errealitate matxistak aztertu dituzu. Zein nolako jokabidez hitz egiten ari gara?
Tesian lau errealitate digital matxista aztertu ditut: bigarren arrail digitala (gaitasun informatikoak), hirugarren arrail digitala (kalitatezko erabilera, zein genero-kode dauden), ziberkontrola eta gertatzen diren ziberjazarpen sexistak eta sexualak.
Esparru digitalean mutilak dira nagusi?
Esparru digitala ez da mutilena; neskak oso presente daude esparru digitalean: sare sozialetan eta abar. Egia da neska eta mutilen artean hainbat desberdintasun daudela. Adibidez, informatika-arloko esparru profesionalean mutilak dira nagusi. Enpresa-sektore horretan ardura nagusiak gizonen esku daude. Informatikaren esparrua aztertzen badugu % 85 inguru mutilak dira. Egunerokotasunean edo erabileran, aldiz, ezin dugu esan nesken edo mutilen presentzia handiagoa denik.
Bideo-jokoen kasuan, adibidez, garbi dago mutilen presentzia nabarmenagoa dela…
Kasu horretan, adibidez, egia da mutilen presentzia nabarmenagoa dela. Izan ere, gaur egun nerabeek, mutilek nagusiki, bideo-jokoen esparrua erabiltzen dute sozializatzeko eta euren zirrarak azaltzeko. Mutilentzat bideo-jokoak dira, hainbat kasutan, motibaziorik handiena; egun osoa eman dezakete bideo-jokoen inguruan hitz egiten. Euren berezko espazioa da. Gainera, sarritan bideo-jokoak esparru digitalean murgiltzeko lehen atea dira. Estatistiken arabera, harreman zuzena dago bideo-jokoen erabileraren eta informatikari izateko nahiaren artean; hau da, zenbat eta gehiago jolastu orduan eta informatikari izateko gogo handiagoa.
Mutilen kasuan, lotura positibo bat ematen da, baina nesken kasuan, berriz, ez da halakorik ematen. Zergatik? Nire ustez, nagusiki, bideo-jokoak (gehien saltzen direnak behintzat) oso sexistak eta matxistak direlako. Ondorioz, lotura positibo hori gaztetatik eraikitzen ez denez, neska gutxi dira informatikaren esparruan murgiltzeko nahia azaltzen dutenak.
Zure tesian defendatu duzunez, neskek zein mutilek antzeko kopuruetan erabiltzen dituzte sare sozialak, baina erabilera horretan aurkitzen dira alde nagusiak. Zein nolako erabilera egiten dute?
Gehien erabiltzen dituzten sare sozialak WhatsApp, Instagram eta Snapchat dira. Lehenengoaren kasuan ez da alde handirik sumatzen; mezularitza-zerbitzu bat da eta komunikatzeko erabiltzen dute. Instagramen inguruan hitz egin dugunean, berriz, alde handiak sumatu ditut nesken eta mutilen diskurtsoen artean. Horrela, neska gehienek garrantzia handia ematen diote irudiari, hots, ondo ateratzeari, jasoko dituzten erantzunei… Mutilek, aldiz, taldeka azaltzeko joera dute eta ez diote irudiari edo itxurari hainbesteko garrantzia ematen. Irudiari ematen zaion garrantzi hori kezkatzekoa da, besteak beste, neska askok, euren fisikoa dela eta, irainak jasotzen dituztelako.
Zer dela eta ematen diote hainbeste garrantzia irudiari edo itxura fisikoari?
Bizi dugun gizartearen isla besterik ez da. Egunero jasotzen ditugu gorputz ederrak izatearen inguruko mezuak: publizitatearen bidez, telebistaren bidez, jostailuen bidez… Horrek guztiak eragin zuzena du nerabeen autoestimuan eta etengabe euren lagunen oniritzia bilatzen dute. Horrek sufrimendua eragiten die, hainbat kasutan, euren fisikoarekin gustura ez daudelako. Sare sozialetan euren fisikoa erakusteko eta erantzunak jasotzeko aukera dute.
Tesian ziber-kontrolaren gaian ere sakondu duzu. Uste zitekeenaren kontra, neskek euren bikotekidearen online jarduera kontrolatzeko joera handiagoa dutela azaldu duzu. Orain arte beti entzun izan dugu mutilek gehiago kontrolatzen zutela euren bikotekideen jarduera…
Bai, egia da. Hala ere, datu hori tentuz aztertu behar da eta kontrol mota desberdinez ari garela ere azpimarratu behar da. Normalean, neskak zintzoagoak dira eta galdetegian benetan pentsatzen dutena esaten dute. Nik nerabeekin egin ditudan saioetan oso diskurtso kritikoak aurkitu ditut nesken artean; askok euren burua feministatzat jotzen zuten. Baina, hainbat kasutan, euren mutilekiko dependentzia emozional handia sumatu dut. Amodio erromantikoaren mitoa oso barneratuta dute, hots, zoriontasuna zure bikotekidearekin aurkituko duzula eta abar. Neska askoren diskurtsoan segurtasun-falta nabaria da eta horrek euren bikotekidearen online jarduera kontrolatzera bultzatzen ditu. Kasu horretan, kontrol pasibo batez ari gara, hots, bikotekidea non dagoen edo zer egiten ari den jakin behar dute edo jakiteko beharra sentitzen dute. Kontrol hori segurtasun-falta baten ondorioa da eta ez du eragin zuzena bikotekidearen bizitzan.
Mutilek egin ohi duten kontrola, berriz, kontrol aktiboa izan ohi da, hots, neska-lagunaren bizitzan eragin zuzena izan ohi duena: janzkeran, bizitza sozialean, egin beharreko jardueretan… Nik landu dudan laginean ez dut halakorik aurkitu, baina nerabeek horren berri dute. Mutilek egin ohi duten kontrolean botere-asimetria garrantzitsu bat dago: mutilak neska-lagunaren bizitzaren kontrola hartzen du eta harremana toxikoa bilakatzen da.
Orain arte azaldu duzuna oinarritzat hartuta, gaur egungo nerabeak oso tradizionalak izaten jarraitzen dutela esan genezake?
Nerabeek kontraesan handiak dituzte. Alde batetik, garbi dago tradizionaltzat jo daitezkeen hainbat ideia (laranja erdia…) oso barneratuta dituztela. Baina, bestalde, ideia horiek alternatibotzat edo subertsibotzat jo daitezkeen beste zenbait mezurekin nahasten dituzte. Nerabeekin egin ditudan saioetan gehienek zuzentzat jotzen den diskurtso bat azaldu zuten, baina sakonduz gero, askok estereotipoak oso barneratuta dituztela ikusi ahal izan dut. Hori esanda, nerabeetan aldakuntza handia eman dela azpimarratu nahiko nuke. Oso kritikoak diren nerabeak aurkitu ditut, berdintasunaren ideia barneratuta dutenak.
Kontuan izan behar dugu matxismoa eta sexismoa egiturazkoak direla gure gizartean. Hori aldatzeko lan itzela egin behar da. Txikitatik hasi beharko genuke. Hori egiten ez denez, normala da ideia tradizionalak izatea. Esan dudan bezala, nerabe kritiko asko aurkitu ditut, hein handi batean, nesken artean. Nire ustez lan handiagoa egin beharko litzateke mutilekin.
Tesian esparru digitalean indarkeria matxista ikusezin bat ere ematen dela azaltzen duzu. Zein nolako indarkeria litzateke hori?
Kasu praktiko batekin erantzungo dut. Imajina dezagun neska batek izaera sexuala duten irudi batzuk bidaltzen dizkiola bere mutil-lagunari. Irudi horiek publikoak egiten dira eta, seguruenik guztiok imajina ditzakegu neska horrek zein nolako irainak jasoko dituen. Nola deitzen diogu horri? Ziur naiz emango diogun definizio horrek ez duela matxista etiketa izango, baina izaera sexuala duten irudi horiek neskarenak izan beharrean mutilarenak izango balira, ziur asko beste agertoki batean izango ginateke. Beraz, garrantzitsua da beste indarkeria matxista mota baten aurrean gaudela ohartzea, azken finean, funtsa berbera baita.
Kasu horietan, zibereraso sexistak eta sexualak bereizi beharko lirateke. Lehenengoak ematen dira konnotazio sexista dagoenean, hots, neska izateagatik soilik jasotzen direnak eta sarritan emakumeoi egokitzen zaizkigun rolekin harremana dutenak (joan zaitez harrikoa egitera…). Bigarrenak, aldiz, izaera sexuala azaltzen denean ematen da: jaitsi kamiseta, erakutsi gehiago…
Azkenik, zurztasun digitalaz ere hitz egin duzu zure tesian. Zertan datza?
Helduen ardura da mundu digitalean jazotzen dena kontrolatzea, baina, sarritan, ez gara sartzen. Nola ikasi dute nerabeek teknologia berrien erabilera? Bakarrik. Hori litzateke umezurtz digitala izatea. Gurasoak euren seme-alabarekin parke batera joaten badira, normalean, haur hori non dabilen edo norekin dabilen kontrolatzen dute. Esparru digitalean ez da hori ematen. Gainera, hainbat kasutan, egiten den kontrola ez da zuzena: haurra GPS bidez non dagoen kontrolatzea eta abar… Nagusiki emozioak eta balioak landu beharko lirateke. Haurrei eta nerabeei sare sozialak modu egokian erabiltzen irakatsi behar zaie: pribatutasuna, zein lagun mota duten…