Bilboko Udalak gazteen aisialdian arte eszenikoak txertatzea helburu duen Antzespe izeneko proiektua jarri du martxan. Programa berria Udalak eta Dantzertik (Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskola) duten lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da. Horren baitan, antzerkia eta dantza bezalako diziplinak sustatuko dira gazteen artean.
Antzesperen programazioa datorren azaroaren 8an hasiko da eta datorren urteko ekainera arte luzatuko da. Aldi horretan, ostiral eta larunbatetan, Esperantza udal-ekipamenduak bi ikastaro hartuko ditu. Lehenengoa, 9-11 urte bitarteko Kideguneko erabiltzaileei zuzenduko zaie eta bigarrena, berriz, 12-17 urte bitarteko gazteei. Ikastaroak euskarazizango dira, eta Arnatz Puertasek eta Luix Mitxelenak emango dituzte. Ikastaro bakoitzak 15 plaza izango ditu eta izen-emateak posta elektronikoaren bidez egin beharko dira esperantza@bilbao.eus helbidera idatziz. Hautagaiek GazteKluba txartela izan beharko dute.
Antzespe
Programa berriaren xedea da parte-hartzaileen gaitasun artistiko eta pertsonalak garatzen laguntzea dantza eta antzerkiaren bidez. Horretarako, besteak beste, sormena, konfiantza, gorputz- eta ahots-komunikazioa, talde-lana eta enpatia sustatuko dira.
Programaren barruan aurreikusitako ekintzen artean, aurkezpen eszenikoez gain, zenbait tailer osagarri ere izango dira. Horietan, besteak beste, honako gai hauek jorratuko dira: jantzien diseinua, eszenografia eta argiztapena. Horiei esker gazteek sormen artistikoaren alderdi ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute. Ikastaro bakoitzaren amaieran, gainera, ikasleek pieza bat egin beharko dute ikasitakoaren laburpen modura.