Pandemia atzean uzten ari garela ematen du eta bizitza normaltasunera itzultzen ari da pixkanaka-pixkanaka. Nabaria izan da hau Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren programa zein lanetan. Asko izan dira pandemian zehar egin beharreko moldaketa zein egokitzapenak. Hala ere, lortu dugu eta hainbat dira berreskuratzen hasi garen proiektuak.
Oraingo honetan, 2019an hasitako Etikasi proiektua berriz martxan jarri dugu bere osotasunean. Etikasiren bitartez gazteek etikaz eta giza eskubideez ikastea da asmoa, besteak beste, indarkeria jasan duten Europako lekuetara bidaia hezigarriak eginez.
Bidaia hezigarri horiek, mundua beste begirada batetik ikustea eta beste pertsonen lekuan jartzea ahalbidetzen digute. Izan ere, giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspuntutik, zuzenean eta pertsonalki leku horietan egoteak eta jazotako gertakizun traumatikoei buruzko istorioak ezagutzeak, potentzial pedagogiko handia eta iraunkorra dauka. Garrantzitsua da pertsona gazteek motibazio politikoko indarkeria nola izan zen ezagutzea eta horri buruz hausnartzea, etorkizunari begira berriro giza eskubideen urraketak gertatu ez daitezen.
Irlandan eta Euskal Herrian
Hori dela eta, proiektuak fase ezberdinak ditu. Hautaketa prozesua pasa ostean eta taldea osatuta, gazteek prozesu ezberdineko ibilbide bat hasten dute. Lehenik eta behin, giza eskubideen gaineko formakuntza jasotzen dute bidaietara joan aurretik. Era honetara, bidaietan ikusiko dutena ikuspegi kritiko batekin aztertzeko aukera izango dute. Bigarrenez, bidaiak daude, non Belfast zein Pasaia-Errenteria bisitatzeko aukera dagoen. Azkenik, ebaluazio espazio bat egongo da.
Uztaileko lehen astean Irlandako iparraldean izan gara eta proiektuaren bitartez, bertako historia hobeto ezagutzeko eta ulertzeko aukera izan dute. Bisita eta esperientzia Belfasten oinarritu da baina ikasitakoak munduko beste herrialde zein gatazkatan aplikagarriak diren balore eta giza eskubideekiko errespetua sustatu dira.
Esan bezala, Belfastetik itzuli berri gara eta oraindik bost egun hauetan ikusitako eta ikasitako guztia barneratzen gabiltza. Unibertsitateko ikasleekin iragana ondo ulertzeko eta Ipar Irlandari buruz ezagunak ez zitzaizkigun xehetasunak hobeto ezagutzeko hainbat bisita egin ditugu: Crumlin Road kartzelan, Bakearen Harresian eta Derry herrian izan gara besteak beste. Bukatzeko, topaketa berezi bat antolatu genuen Holywood Family Trust-eko gazteekin. Bertan, gazteek elkartrukerako eta hausnarketarako aukera izan zuten. Oso atal aberasgarria izan zen hori, ikuspegi kritikoa lehenengo pertsonan ezagutu eta beste gazteen ahotsak entzunda lantzeko, iraganak duen eragina orainaldira eta etorkizunera ekarriz.
Bigarren fasea
Bigarren fase honetan, hurrengo esperientzia bat izango dute. 2019an diseinatutako proiektuari atal berri bat gehitu zaio pandemia ostean: Pasaia eta Errenteria bisitatzea. 2020 proiektua bertan bera geratu zen konfinamendua eta pandemia dela eta. 2021ean berriz, Etikasi Programarekin jarraitzeko beharra ikusi zen eta Euskadi mailan lanketa egitea erabaki zen Pasaia eta Errenteria zein Lemoizko Zentral Nuklearra ikusteko eta aztertzeko aukera bideratuz. Hori dela eta, 2022an berriro proiektua martxan jarrita ere interesgarria ikusi zen bi edizioak uztartzea eta beraz, alde batetik, uztaila aldera Ipar Irlandako historia lehen pertsonan ezagutzeko aukera eskaintzea eta bestetik, urrian, Pasaia eta Errenteria bisitatzeko aukera izatea.
Oso garrantzitsua izango da Ipar Irlandan ikusitakoaren ondoren, programaren bigarren zatian, Euskadiko egoerari buruz egiten dituzten hausnarketak lantzea, bake positibo eta bizikidetza bultzatzeko.
Azken finean gazteak oraina eta etorkizuna gara eta horregatik ezinbestekoa da giza eskubideetan oinarritutako bizikidetza sustatzea gizarte moduan aurrera pausoak ematen jarraitzeko.