Etorkizun kezkagarria

Urtero, abuztuaren 12an, Gazteriaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Egun horren xedea da erakundeak eta gobernuak gazteak babesteko eta haien garapen pertsonala, soziala eta laborala modu seguruan bideratzeko neurri politikoak hartzera bultzatzea.

Baina, aurten, gazteek ez dute gauza handirik ospatzeko. Izan ere, pandemiak talde bati bereziki eragin badio, hori 30 urtetik beherako gazteen taldea da; ez osasun arloan, baina bai formakuntza eta lan arloan.

Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LNE) dioenez, etorkizuna bereziki kezkagarria da 18 eta 24 urte bitarteko gazteentzat, eta “litekeena da pandemiaren ondorioz gazteek inpaktu larriak eta iraunkorrak izatea”. LNEko Zuzendari Orokor Guy Ryder-ek ohartarazi duenez, “pandemiak, gazteen enplegua eta etorkizun profesionala lermatzeaz gain, hein handi batean, bere hezkuntza eta prestakuntza eta, beraz, bere ongizate mentala ere gutxitzen ditu”.

LNEk mundu osoko 18 eta 29 urte bitarteko pertsonen egoera aztertzeko kaleratu duen azken txostenaren arabera, koronabirusaren pandemiak jada “konfinamenduaren belaunaldia” izenarekin ezagutzen diren gazteengan izaten ari den eragina “sistematikoa, sakona eta neurrigabea” da. “Gazteak eta Covid-19aren pandemia: ondorioak enpleguetan, hezkuntzan, eskubideetan eta buru-ongizatean” izenburua duen txostenaren bidez, Covid-19aren hedapena geldiarazteko ezarritako murrizketek hezkuntzaren, lanaren eta, ondorioz, gazteen osasun mentalaren eremuan izan dituzten ondorioak jakinarazi nahi izan dira. Horretarako, LNEko Enplegu, Lan Merkatu eta Gazteria Zerbitzuak 12.605 gazte elkarrizketatu zituen apiriletik maiatzera bitartean, erdia baino gehiago Asia Pazifikoan, % 19,4 Europan eta Erdialdeko Asian, % 18,4 Amerikan, % 6,9 Afrikan eta % 1,3 arabiar herrialdeetan.

Txostenak dioenez, “baliteke gazteek inpaktu larriak eta iraunkorrak izatea pandemiaren ondorioz”, baina kalteak larriagoak izango dira herrialde pobreenetan eta adin txikikoen eta emakumeen artean. Horregatik, LNEk ohartarazi du neurriak hartu behar direla munduko gazteriarentzat zalantzagarria den etorkizuna hobetzeko.

Pandemia gazte enpleguarekin lermatzen da

LNEren txostenaren arabera, lan- merkatua izan da pandemiak gehien kaltetu duen eremua.  

Covid-19aren agerraldiaren aurretik ere, gazteek lan-merkatu zail bati egin behar zioten aurre. Hala, 15 eta 24 urte bitarteko gazteek, gutxi gorabehera, hiru aldiz aukera gehiago zuten langabezian egoteko 25 urte edo gehiagoko gazteek baino.

COVID-19aren agerraldiaren aurretik, mundu osoan, 178 milioi gazte ari ziren lanean krisiak gehien kaltetutako sektoreetan, hala nola, ostalaritza- eta elikagaigintza-zerbitzuetan, handizkako eta txikizkako merkataritzan, fabrikazioan, higiezinen sektorean eta bestelako merkataritza-jardueretan.

Martxoko konfinamenduarekin, telelanera jo ezin izan zuten ostalaritza, zerbitzuak edo salmentak bezalako lanbide gehienek aldi baterako utzi behar izan zuten beren jarduera.  

LNEren kalkuluen arabera, pandemia hasi aurretik lanean ari ziren sei gaztetik batek (% 17,4) lana utzi behar izan du. Kopuru horrek gora egiten du 18-24 urteko gazteen artean, % 23,1ek lan-jarduera eten egin behar izan baitu. Aldiz, % 72k telelanaren bidez jarraitu zuen lanean.

Lan egiteari utzi ziotenen artean, erdiak baino gehiagok beren enpresak jarduera eten zuelako edo kaleratuak izan zirelako galdu du enplegua. Kasu honetan ere, enplegua galtzeko arrisku gehien izan dituztenak, hirugarren sektorean lan egiten duten langileekin batera, herrialde txiroenetan bizi diren langileak izan dira. Gainera, 18 eta 29 urte bitarteko gazteek lanpostua galtzeko aukera gehiago zuten 30 eta 34 urte bitarteko gazteek baino.

Eta askok lanean jarraitzeko aukera izan zuten arren, bizitza profesionalaren kalitateak ere behera egin du.

Aparteko orduez gain, gazte askok adierazi dute beren lanaldia laurden batean laburtu dela, eta diru-sarrerei dagokionez, bost gaztetatik bik soldata murrizketa izan dutela adierazi du (elkarrizketatuen % 42). 

Egoera horren aurrean, LNEk ohartarazten du lan-orduak, diru-sarrerak eta produktibitatea galtzeak “aurrekaririk gabeko eskala batean” jartzen dituela gazteak lan-merkatuan.

Hezkuntzaren erronka

Txostenaren arabera, gazteen % 38k bere etorkizun profesionalarekiko kezka adierazten du. Gaur egungo krisiak lan merkatuaren garapena zailduko duela aurreikusten da eta, ondorioz, ikasketak amaitzen direnetik lehen lana lortu arte gazteek igaro behar izaten duten trantsizio aldia luzatuko da. Gainera, txostenean azpimarratzen denez, pandemia hasi zenetik, ikasketak eta lana uztartzen dituzten gazteen % 70 baino gehiagori kalte handia eragin die ikastetxe, unibertsitate edo formakuntza-zentroen itxierak.

Hezkuntza-zentroen itxieraren aurrean, ikasleen % 74k urrutitik jarraitu behar izan du ikasturtea eta % 4k, ostera, martxoan amaitu zuen ikasturtea. Zortzi gaztetik batek ikasketak utzi behar izan zituen eten digitalagatik, gehienak (% 20) diru-sarrera txikiko herrialdeetan.

Ikasturtea modu birtualean amaitu ahal izan dutenen artean,
% 65ek azken hilabeteetan gutxiago ikasi duela aitortzen du. Eta are okerrago, erdiak baino gehiagok uste dute denbora gehiago beharko dutela ikasketak amaitzeko, eta elkarrizketatuen % 9k uste du ezin izango dituela bere ikasketak bukatu.

Egoera are okerragoa izan da herrialde txiroenetan bizi diren gazteentzat, Interneten sartzeko, ekipoak eskuratzeko eta, are gehiago, etxean lekua izateko gabezia handiagoak dituztelako.

Pandemia hasi aurretik lanean ari ziren sei gaztetik batek (% 17,4) lana utzi behar izan du. Kopuru horrek gora egiten du 18-24 urteko gazteen artean, % 23,1ek lan-jarduera eten egin behar izan baitu.

Horrek guztiak agerian utzi du eskualde ezberdinen artean den eten digital itzela. Horrela, herrialde aberatsetako gazteen % 65ek bideokonferentzia bidez emandako eskoletara joateko aukera izan duen bitartean, herrialde txiroenetan ikasketak online egiten jarraitu ahal izan duten gazteen kopurua bakarrik % 18ra iritsi da.

NBEk dagoeneko ohartarazi du datorren ikasturtean ikastetxeak ez irekitzeak suposatuko lukeen “belaunaldi-katastrofeaz”. Bere idazkari nagusi Antonio Guterresen hitzetan, “giza ahalmen kalkulaezin bat galarazi, azken hamarkadetan izan diren hainbat aurrerapen hondatu eta desberdintasunak areagotuko liratekeelako”.

Ildo berean, LNEk etxeko hezkuntza-eredu digitalerako trantsizioak ekar ditzakeen “erronkei” buruz ohartarazi du, Interneteko irisgarritasunean, gaitasun digitaletan eta espazio edo material teknologikoetan diren aldeengatik. Bere txostenean Nazioarteko Lanaren Erakundeak bere unibertsitate-etorkizunagatik beldur den 20 urteko Nadie Minhas gazte britainiarraren adibidea jartzen du. “Arazorik handiena nire unibertsitate-hezkuntzan izan den inpaktua da. Azterketa alternatiboak ez dira ikastaro arruntetan egin ohi izan ditugun bezalakoak. Gainera, nire formakuntza kontratua bertan behera geratu da eta, ondorioz, graduatzen naizenean ez dut formakuntzarik edo esperientziarik izango”.

Izan ere, munduko hainbat tokitan, ikastetxeak berriro irekitzeak zalantza ugari sortzen ditu.

24 milioi ikasleren hezkuntza arriskuan

Abuztuaren hasieran aurkeztutako ‘Education in the time of COVID-19 and beyond’ txostenean UNESCOk ohartarazten du mundu osoko 24 milioi ikaslek, eskolaurreko mailatik hasita eta goi-mailako zikloetaraino, agian ezin izango dutela aurten eskoletara itzuli Covid-19k eragindako itxieren ondorioz.

Aipatu txosten horren arabera, arrisku egoeran diren ikasleen gehiengoa (5,9 milioi inguru), Hegoaldeko eta Mendebaldeko Asian daude, eta beste 5,3 milioi ikasle Saharaz hegoaldeko Afrikan. Bi eskualdeek jada hezkuntza-arazo larriak zituzten pandemia baino lehen; ondorioz, UNESCOk uste du bertako ikasleen egoerak nabarmen egingo duela okerrera.

Herrialde aberatsetako gazteen % 65ek bideokonferentzia bidez emandako eskoletara joateko aukera izan duen bitartean, herrialde txiroenetan ikasketak online egiten jarraitu ahal izan duten gazteen kopurua bakarrik % 18ra iritsi da.

Goi-mailako hezkuntzak eskola uzte-tasarik handiena izan lezake.  Matrikulen kopurua ere % 3,5ean murriztu daiteke eta, ondorioz, 7,9 milioi ikasle gutxiago izango lirateke.

Inpaktu handiena izango duen bigarren maila edo sektorea eskolaurreko hezkuntzarena izango litzateke; matrikulen % 2,8 galduko direla aurreikusi da, hau da, 5 milioi haur gutxiago eskolatuta.

Aurreikuspen berberen arabera, lehen hezkuntzan ikasleriaren
% 0,27 inguru galduko litzateke eta bigarren hezkuntzan, berriz, % 1,48. Guztira, 5,2 milioi eta 5,7 milioi haurrek beren ikasketak utzi beharko lituzkete, hurrenez hurren.

UNESCOk bildutako estatistikek erakusten dutenez, krisiaren unerik gorenean hezkuntza-zentroak ixteak 190 herrialde baino gehiagoko ia 1.600 milioi ikasle —munduko ikasleriaren % 94— kaltetu zituen; gaur egun, kopuru hori 1.000 milioi ikasle ingurura jaitsi da. Izan ere, 100 bat herrialdek ez dute oraindik jakinarazi noiz irekiko dituzten berriro beren eskolak.

Txostenean agintari nazionalei eta nazioarteko komunitateari eskatzen zaie ahaleginak egin ditzatela hezkuntza indarberritze-planen abangoardian kokatzeko eta hezkuntza-sektoreko inbertsioak babesteko.

Txostenak agerian uzten du, halaber, ikastetxeak ixteak ez diola hezkuntzari bakarrik eragiten. Horrela, itxierak haurrei eta komunitateei funtsezko zerbitzuak ematea ere eragozten du, besteak beste, elikadura orekatua izateko aukera eta gurasoek lanera joateko duten gaitasuna mugatzen dituela. Ez hori bakarrik, itxiera-neurriek neskek eta emakumeek etxeko indarkeria jasateko arriskua ere areagotzen dute.

Txostenaren aurkezpenean, Nazio Batuetako idazkari nagusiak, António Guterresek, ohartarazi zuen pandemiak historia osoko hezkuntza-sistemetan erregistratutako nahaste larriena eragin duela, eta ikasketa-defizit handia eragingo duela, ikasle-belaunaldi bati baino gehiagori eragingo liekeena.

“Pandemia baino lehen, ikaskuntza-krisi baten aurrean ginen. Orain, belaunaldien arteko hondamendiari aurre egin behar diogu, eta horrek giza potentzial kalkulaezina xahutzea ekar lezake, aurrerapen-hamarkadak zapuztea eta desberdintasun errotuenak areagotzea” azaldu du Guterresek.


Bizitza aldatuak, segurtasun eza eta beldurra

Txostenean inkestatututako guztiek Covid-19ren transmisioa geldiarazteko eta laguntza-presioa murrizteko konfinamendua beharrezkoa zela onartu bazuten ere, murrizketek bizitza aldatu dietela ikusi dute. 

Zehazki, gehien aldatu diren esparruak mugimenduen askatasunarekin eta gai publikoetan parte hartzeko eskubideekin lotuta daude. Hirutik batek dio azken hori gutxietsi egin dela, eta % 27k dio zailtasunak izan dituela erlijio- edo kultu-askatasuna gauzatzeko. Gainera, gazteen % 24k uste du pandemiak eragina izan duela informazioa eskuratzeko eskubidean, eta % 21ek uste du gaizkiagotu egin dela etxebizitzarako eskubidea.

Nabarmen aldatu den beste jardueretako bat boluntariotzarena edo gizarte-aktibismoarena izan da, nahiz eta askok teknologiara jo duten horiekin jarraitzeko. Hor dago, adibidez Mari-Lisa Njengaren kasua. Kenyako 20 urteko gazteak, Gurutze Gorriarekin bat egin zuen eta boluntario gisa lan egiten du osasun mentalari buruzko lineako aholkularitza zerbitzuan.

Koronabirusak orain arte ezagutzen genuen bizitza guztiz aldatu du oso hilabete gutxiren epean. Ez bakarrik gure artean; planeta osoan eman den fenomenoa da. Gazteen kasuan, % 38k etorkizuneko itxaropen profesionalen aurrean ziurtasunik gabe sentitzen dela aitortzen du, eta % 16k, berriz, etorkizunarekiko beldur dela dio. Hala ere, gazteek onartzen dute pandemia gainditzeko bide bakarra, oraingoz, mundu osoan ezarritako osasun-neurriak eta murrizketak mantentzea dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.