Etxean geratzeko aitzakiarik gabe

Iruñeko Gaztediaren Etxeak hainbat berritasun dituen gazteentzako programazioa prestatu du udaberri honetarako

Otsailaren 26an zabaldu da Iruñeko Gaztediaren Etxeak gazteei zuzendutako ikastaroetan izena emateko epea. Udaberriko programaziorako 966 plaza eskainiko dira antolatu diren doako 14 informatika tailerretan eta beste 36 ikastarotan.

Programatutako jarduera guztiak martxoa eta ekaina bitartean programatu dira. Horietan izena eman ahal izango dute Iruñean erroldatuta dauden 14 eta 30 urte bitarteko gazteek edo Iruñean ikasten ari diren adin tarte bereko ikasleek. 31-35 urte bitarteko gazteentzat, berriz, bigarren txanda bat zabalduko da martxoaren 4an. Izena emateko epea martxoaren 27an amaituko da.

Berritasunak

Udaberriko programazioaren barruan zenbait berritasun izango dira: argazkilaritza, flamenko fitness, ikatz-ziri marrazketa eta comercial dance ikastaroak eta upcycling tailerrak. Ohi bezala, gainera, dantza, kirol, musika, arte plastikoak eta beste hainbat diziplina jorratzen dituzten ikastaroak eta tailerrak izango dira.

Argazkilaritza ikastaroa Legardi de Falcónek irakatsiko du. Ikastaro horrek parte-hartzaileek kameren erabilera optimizatzea eta ukituak egiteko teknikak aztertzea du helburu.

Flamenco fitness ikastaroa, berriz, Nadia Redínek irakatsiko du eta jarduera fisikoa eta dantza flamenkoaren grina uztartzen dituen esperientzia paregabea eskaintzen du.

Leyre Elizari izango da ikatz-ziri marrazketa ikastaroaren irakaslea. Bertan, parte-hartzaileek konposizio eta perspektiba teknikak aztertuko dituzte beren sormena garatzeko.

Gainera, hiruhileko honetan Comercial Dance ikastaroa emango da gaztelaniaz eta euskaraz, Paula Pedrosaren eta Abel Silvaren zuzendaritzapean, hurrenez hurren.

Informatika ikastaroei dagokienez, doako 14 ikastaro eskainiko dira eta horietan askotariko gaiak jorratuko dira, adimen artifizialaren hastapenetatik hasi eta segurtasun informatikora arte.