Etxebizitza eskuratzeko krisia ez da Espainiari bakarrik eragiten dion arazoa. Etxebizitzaren Euskal Behatokiak aurkeztu berri duen ‘Etxebizitza Eskuragarria EB-n 2023’ txostenaren arabera, arazo hori Europa osoan ematen da. Hala ere, datuek agerian uzten dutenez, arazoa larriagoa da Espainian, Grezian, Portugalen eta Italian.
Txostenean, etxebizitza duina eskuratzeak dakartzan gainkarga-tasa aztertu da, hots, familia bakoitzak etxebizitza bat eskuratzeko bideratu behar duen diru-sarreren ehunekoa. Bertan biltzen diren datuek erakusten dutenez, tasa hori nabarmen hazi da Europa osoan, eta zenbait herrialdetan benetako arazoa bilakatu da. Adibidez, Espainian, merkatu-prezioko alokairuan bizi diren familien % 30,6k diru-sarreren % 40 baino gehiago bideratzen dute etxebizitza-kostuak estaltzera. Kopuru hori Europar Batasunean den batez bestekoaren (% 20,6) gainetik dago. Portugalen, Italian eta Grezian etxebizitzara bideratutako diru-sarreren ehunekoa Espainiakoaren antzekoa edo handiagoa da, eta horrek desberdintasun sozialak larriagotzen ditu.
Ekonomia ondo. Familiak ez.
Txostenak agerian uzten duenez, ez omen dago datu makroekonomikoen eta familien ongizate-ekonomikoaren arteko zuzeneko lotura. Espainiaren adibidearekin jarraituz, Barne Produktu Gordina 2 puntutan hazi bada ere eta inflazioa 7 puntutan jaitsi bada ere, eragin metagarriek familien erosteko ahalmena murriztu dute, batez ere etxebizitzari dagokionez. Kasu horretan, iaz Euriborrak izan zuen igoeraren ondorioz izan ziren prezioen igoerak eta hipoteka-kostuen igoerak finantza-karga handitu diete etxebizitza bat erosi edo alokatu nahi duten horiei.
Txostenean azpimarratzen denez, Europar Batasuneko herrialde gehienetan etxebizitza-politika publikoek pixkanaka behera egin dute eta, ondorioz, sektore pribatuak etxebizitzaren prezioak nabarmen bultzatu ditu. Horrek, etxebizitzaren finantza-aktibo izaera indartu du eta premia biziko ondasuna denez, eskaintza txikia eta eskaria handia denean, etxebizitza duin bat eskuratzea erronka bilakatzen da, batez ere, metropoli eremuetan.
Txostenak etxebizitza publikoen eta alokairu-merkatua arautzeko politiken beharra aldarrikatzen du emantzipazioa sustatzeko eta etxebizitza duin bat eskuratzeko egin beharreko ahalegin ekonomikoa arintzeko.