Euskarak lotzen du Euskal Autonomia Erkidegoak, Nafarroak eta Iparraldek osatzen duen Euroeskualdea. Euskarak eta gazteok ditugun kezkak, arazoak, zailtasunak eta erronkak. Bizi-proiektu duinak garatzeko beharrizan berdinak ditugu eta hiru lurraldeetako gazte norbanako, eragile eta erakundeen arteko elkarlana sustatuz errazago lortuko dugu denok nahi dugun bizitza duin hori.
Pasa den urtarrilaren 13an mugaz gaindiko “Gazte Agora” proiektuaren lehen foroetako ondorioak aurkeztu genituen. Eusko Ikaskuntzak, Nafarroako Gazte Kontseiluak (CJN-NGK) eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) hainbat gazterekin egindako topaketen ondoren lortu ditugun emaitzak azaldu ziren bertan. Topaketa horiek Donostian, Iruñean eta Baionan ospatu ziren eta gazteen kezka eta erronka nagusiak herrialdez herrialde identifikatzea ahalbidetu dute, elkarlanerako oinarriak finkatuz.
Aurkeztutako “Gazteen aniztasuna eta gobernantza-eredu berriak: mugaz gaindiko gazte-lankidetzarako oinarriak finkatzen” emaitza-txostena lau zatitan banatzen da: ongizate materiala, euskara eta hizkuntza-politikak, hezkuntza formala eta informala eta gobernantza. Atal bakoitzean identifikatu diren erronkak, emaitzak eta horiei aurre egiteko proposamenak azaltzen dira.
Ongizate materialaren inguruan identifikatu dugu gazteok etxebizitza duin baterako sarbidea izatea eta kalitatezko enpleguak lortzea ezinbestekoak direla, lurraldearen antolamendua bizi-proiektuen garapenera bideratuz. Formakuntza, enplegua eta etxebizitza bizi nahi den lurraldean garatzea lortu behar da eta, horretarako, mugaz gaindiko gazte elkargune sozioekonomikoa izatea proposatzen dugu, beste lurraldeen esperientziak ezagutzeaz gain, mugaz gaindiko proiektuak garatzeko.
Euskara eta hizkuntza-politika atalean atera dugun ondorio nagusia da euskara dela amankomunean dugun tresna eta lurraldeetako aberastasuna, baina, dakigunez, estatus desberdina daukala lurralde bakoitzean. Ezinbestekoa da euskararen ikusgarritasuna hobetzea, eleaniztasuna bermatuz. Euskarak ez du oztopo bat izan behar, lurraldeetako aberastasuna baizik. Gune seguruak ezinbestekoak dira, batez ere Iparraldean.
Egoera horri aurre egiteko uste dugu administrazio publikoan elebitasun osoa babestu behar dela eta diru-laguntzak gehiago bideratu behar direla euskarazko ekitaldietarako. Gainera, beharrezkoa da amankomuneko esparru bat sortzea eta mugaz gaindiko saretze hori euskara ardatz duen elkargune batean gauzatzea.
Hezkuntza formala eta informalaren esparruan identifikatu dugu hezkidetzaren baloreak eta dibertsitatea integratu behar direla hezkuntzan eta hezkuntza komunitatea indartzea ezinbestekoa dela ikasleen paper aktibo bat lortuz. Erronka horiek egi bilakatzeko hiru lurraldeen arteko akordio komunak eraiki beharko dira. Halaber, eztabaidarako eta akordioetarako online eta offline sare bat sortzea eta hezkuntza-aktoreen arteko topaketak antolatzea proposatzen dugu, akordio komunak eta esperientziak lortzeko eta trukatzeko.
Aurkeztutako txosten horren lau atalekin amaitzeko, gobernantzaren inguruan, gazteon parte-hartze politikoa ahalduntzea eta partaidetza sustatzeko metodologia berriak ezartzea identifikatu ditugu erronka bezala. Horretarako, beharrezkoak dira baliabideen sustapena eta hornitzea eta parte-hartzea oinarri duen heziketa, gazteok erabakiak hartzeko gaitasuna lortzeko gazte erakundeen arteko elkarlana sortuz.
Azpimarratu behar da Eusko Ikaskuntzatik jasotako deialdi hori aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoa izan dela Udako Euskal Unibertsitatearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Euroeskualdearen babesa. Eragile horiek egin dute proiektua posible eta eskerrak eman nahi dizkiegu.
Hau ez da “Gazte Agoraren” amaiera. Lanean jarraitzen dugu eta proiektuak martxan jarraitzen du. Hurrengo pausoa urtarrilaren 25ean hasiko da. Eusko Ikaskuntzaren webgunean espazio bat ahalbidetzen dugu txostenean zehar landutako lau blokeei buruzko praktika onen proposamenak jasotzeko. Mugaz gaindiko foro bat ospatzeko asmoa dugu apirilean eta era batera edo bestera egiten saiatuko gara, egoerak eta neurriek uzten diguten heinean. Udaberrian egin nahi dugu, pasa den urtean pandemia heldu baino lehen aurreikusita zegoen bezala.
Maialen Olabe
EGKko presidentea