Osasunaren Munduko Erakundeak argitaratu duen “Health Behaviour in School-aged Children” lanaren arabera, sexualki aktibo diren nerabeen artean kondoiaren erabilera nabarmen jaitsi da 2014. urteaz geroztik. Azterlanaren ondorioak azken zortzi urteetan 42 herrialde eta eskualdetako 15 urteko 242.000 gazteri egindako inkestatan lortutako erantzunetan oinarritzen dira.
Zehazki, bildutako azken datuen arabera, 15 urteko nerabeen % 30 inguruk ez zuen inolako babesik erabili bere azken sexu-harremanean. Azken hamarkadan, azken sexu-harremanean neurri antisorgailuren bat erabili duten nerabeen kopurua % 70etik % 61era jaitsi da mutilen artean eta % 63tik % 57ra nesken artean. Adituen ustez, mutilen eta nesken artean den alde hori mutilek azken sexu-harremanean preserbatiboa erabili dutela esateko duten joera handiagoaren ondorioa da. Hortaz, baliteke kondoia erabili ez duten nerabeen kopurua are handiagoa izatea.
Oso datu kezkagarriak
Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) datuak oso kezkagarriak direla adierazi du, babesik gabeko sexu-harremanek sexu-transmisiozko gaixotasunak (STG) eta nahi gabeko haurdunaldiak izateko arriskua areagotzen baitute. Txostenak jasotzen duenez, inkestatutako nesken laurden batek pilula hartu zuen bere azken sexu-harremanerako. Kondoiaren erabileran ez bezala, pilularen erabilera berean mantendu da azken hamar urteetan.
Osasunaren Munduko Erakundearentzat ezinbestekoa da gazteei sexu-hezkuntza integrala eta baliabideak ematea
Azterlana burutu duten ikerlariek azaldu dutenez, Europa mailan bildutako emaitzak, aldeak alde, nahiko homogeneoak dira. Hans Kluge OMEren Europako Eskualdeko zuzendariak berak onartu duenez, “txostenaren ondorioak etsigarriak badira ere, ez dira harrigarriak”. Izan ere, bere ustez, hainbat herrialdetan sexu-heziketa alde batera utzi da sexu-harremanak sustatzen dituenaren uste faltsua jarraituz. Horrek zuzeneko eragina izan du gonorrea, sifilisa eta klamidia bezalako Sexu Transmisiozko Gaixotasunen (STG) gorakadan.