Europako hegoaldean haurrak lodiagoak dira

Osasunaren Mundu Erakundearen Haurren Obesitatearen Zaintzarako Ekimenak ezagutzera eman dituen datuen arabera, Italia, Zipre, Espainia, Grezia eta Malta dira, Europa-mailan, haurren obesitate-tasa altuena duten Estatuak. Batez beste, aipatu herrialde horietan, bost haurretatik batek gehiegizko pisua du. Txanponaren beste aldean, berriz, Frantzia, Norvegia, Irlanda, Letonia eta Danimarka aurkituko lirateke, % 5 eta % 9 bitarteko tasekin. Europako hegoaldean jasotako datuak kezkagarriak diren arren, azken urteetan haurren obesitate-tasak behera egin duela azpimarratu behar da.

Ikerketa horretan 38 herrialdek hartu dute parte eta, hainbat urtez, 6 eta 9 urte bitarteko 250 000 haurrei pisua eta altuera kontrolatu zaie. Hainbat herrialdetan, gainera, elikadura-ohiturak ere aztertu dira. Horrela, fruta egunero jaten duten haurrek obesitate-maila baxuagoa dutela ikusi da. Ostera, pizza, patata frijituak, hanburgesak edo saltxitxak jaten dituzten horiek, gehiegizko pisua izateko joera dute.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.