Gazteen Euskal Behatokiak hil honetan Kairon ospatu den Klimari buruzko Goi-bileraren ildora ezagutzera eman dituen datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko 15 eta 30 urte bitarteko hamar gaztetik zortzik (% 78,7) uste dute larrialdi klimatiko egoeran bizi garela. Beste % 17,2aren ustez, egoera txarra da, baina ez larrialdikoa eta % 2,1aren ustez egoera ez da larria eta arazoa esajeratu da.
Euskal gazteek larrialdi klimatikoaren inguruan har daitezkeen nazioarteko hitzarmenekiko duten konfiantzari dagokionez, gehienek (% 57,7) konfiantza gutxi edo batere ez dutela azaldu dute. Gazteen % 10,7k baino ez du konfiantza handia akordio horietan, eta % 29,7k konfiantza nahikoa duela dio. Adinean gora egin ahala mesfidantza hori nabarmenagoa da. Adibidez, 25 eta 30 urte bitartekoen kasuan konfiantza gutxi edo batere ez dutenen ehunekoak (% 65,6) konfiantza handia edo nahikoa dutenena bikoizten du (% 32). Horrelako akordioen inguruan konfiantza gehien azaltzen duen adin-taldea 15 eta 19 urte bitartekoa da, baina kasu horretan ere ez dira erdira iristen konfiantza handia edo nahikoa dutenak (% 49,4).