Euskadiko gazteen enplegu-tasarik altuena azken hamarkadan

Lanean diren gazteen ia erdiak aldi baterako kontratua duen arren, 2024ko lehen hiruhileko datuak azken hamarkadako onenak dira.

2024ko lehen hiruhilekoan, EAEko gazteen jarduera-tasa % 50,6 izan zen, eta 16-29 urteko gazteen okupazio-tasa, berriz, % 44,6. 2012tik erregistratu den tasarik altuena da. 2023an, aldi baterako kontratua zuten 16- 29 urte bitarteko gazteen ehunekoa, beren adineko soldatapeko pertsona guztiekiko, % 46,0 zen. Lanean diren gazteen ia erdiak aldi baterako kontratua duen arren, azken hamarkadako daturik onena da. Hala ere, azpimarratu behar da behin-behinekotasunak gehiago eragiten diela emakume gazteei gizon gazteei baino.

Lanaldi partzialean lan egiten duten 16-29 urte bitarteko gazteak % 32,4 izan ziren 2023an. Kasu honetan ere, arazo honek gehiago eragiten die emakumeei. Hileko batez besteko soldata garbiei dagokienez, 2022. urteko datuen arabera, 18-29 urte bitarteko soldatapekoek, batez beste, 1.226 euro kobratzen zituzten. Eta kasu honetan ere, emakume gazteek adin bereko gizon gazteek baino gutxiago kobratu zuten: ia 200 euroko aldea hilean.