Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoan ikusgai da Gerardo D’Abraira bilbotar marrazkilariaren lanari eskainitako “Barreiatutako paisaiak” erakusketa. Erakusketa azaroaren 2ra arte egongo da zabalik, eta iragan industrialaren ikuspegi zehatza eskaintzen du, 1940 eta 1950 bitartean egindako artistaren hogei marrazki baino gehiagoren bidez.
Balmasedako Encartada Fabrika-Museotik datorren marrazki-bilduma horrek Euskal Herriko eta Espainiako beste eskualde batzuetako fabrika-gune nagusien funtsa atzematen du. D’Abrairak paper-, tinta- eta akuarela-euskarri handiak erabili zituen garaiko industria-ahalmena zehaztasun teknikoz islatzeko.
Ikusgai dauden marrazkiek D’Abrairaren trebetasun teknikoa erakusteaz gain, fabrikak eta haien inguruak zehatz-mehatz dokumentatzeko gaitasuna ere erakusten dute. Haren lana oso baloratua izan zen, eta penintsulako beste industria-eremu batzuetako enpresek beren zerbitzuak eskatu zituzten garai hartan aireko argazkien bidez lortu ezin ziren irudiak sortzeko. Artisautza eta artea uztartzen dituen teknika hau marketinerako eta komunikaziorako erabiltzen zen industria modernoan.
Lau atal
Erakusketa lau esparrutan dago antolatuta, eta D’Abrariaren ibilbidea jorratzen dute. Lehenengoak paperaren erabilera espezifikoa eta kolorearen sarrera nabarmentzen ditu, lanak enkargatzen zizkioten enpresen eraginez. Bigarrenak Bizkaian hasi eta beste lurralde batzuetan egin zuen eskaera aztertzen du, airetik hasi eta eskaera zehatzagoetara arte. Hirugarren eremua Euskal Herritik kanpo egindako lanaren aintzatespenean oinarritzen da, bereziki Burgosen, Salamancan, Alacanten eta Bartzelonan. Eta, azkenik, laugarrenak enpresek egindako lanen argazki-erreprodukzioen banaketa zabala eta jatorrizko batzuen galera jorratzen ditu.
Ikusgai dauden piezen artean, Bizkaiko Labe Garaiak, La Conchita, Sarralde, J. J. Krug, Safesa, Unceta eta Productos Vulcanizados euskal enpresen airetiko ikuspegiak daude, baita beste eskualde batzuetako enpresak ere, hala nola Fabril Sedera (Burgos), Metalúrgica del Tormes (Salamanca), Lino Enguídano (Valentzia) eta Bertrand i Serra (Manresa). Obra horiek beren tamaina handiagatik eta eraikinen erreprodukzioan duten zehaztasun ia fotografikoagatik nabarmentzen dira.