Euskal diasporari buruzko erakusketa Euskal Herria Museoan

Azaroaren 24ra arte bisitatu ahal izango da Argentinan erbesteratutako euskal artisten historia kontatzen duen Arturo Acebal Idigorasen erakusketa

Gernikako Euskal Herria Museoak Argentinan erbesteratutako euskal artisten historia kontatzen duen “Arturo Acebal Idigoras. Euskadi Argentina” erakusketa hartuko du datorren azaroaren 24ra arte. Bertan, Argentinara emigratu zutenean, euskal nortasuna bizirik mantendu zuten euskal artisten historia jasotzen da.

Erbesteratutako euskal sortzaileen komunitateko kidea den Arturo Acebal Idigoras bera da erakusketa honetako protagonista. Margolan, marrazki, zeramika, brontze eta jatorrizko dokumentuen bidez, bisitariek sakonki lotuta dauden bi kulturatako paisaiak, ohiturak eta aurpegiak elkartzen dituen bidaia bat egin ahal izango dute. Batasun sortzaile horrek euskal diasporaren garrantzia azpimarratzen du, muga geografikoek ezin dutela herri baten esentzia eta bere ondare kulturala bereizi erakutsiz.

Erakusketa Xabier Sáenz de Gorbea arte historialariak bildutako materialean oinarrituta egin da. Sonia Rueda arduratu da erakusketen diseinuaz eta katalogoaz, eta María Josék, Arturoren alabak, bere aitak kontu handiz gordetako dokumentu argitaragabeak aurkeztu ditu. Erakusketak 56 artelan biltzen ditu, horien artean gutunak, katalogoak, liburuxkak, karnetak eta jatorrizko ordainagiriak, baita mihise gaineko 27 olio, akuarela bat, bederatzi marrazki eta zeramikazko eta brontzezko 12 pieza ere.

Bost atal

Erakusketaren katalogoa Acebal Idigorasek Euskadiren eta Argentinaren artean egindako lana eta esperientzia deskribatzen duten bost ataletan antolatuta dago: zeramika, txokoak, paisaiak, erretratuak, natura hilak eta formen forjatzailea (brontzea). Mikel Lertxundi eta Xabier Saenz de Gorbea arte historialariek Acebal Idigorasen obra gerra eta gerraosteko garaietan kokatzen duten testuak gehitu dituzte.

Erakusketa honen inguruan, museoak hainbat jarduera paralelo antolatu ditu. Uztailaren 17an, “Ondarea Berbeta” jarduera egingo da, non parte hartzaileek erakusketari buruz euskaraz hitz egin ahal izango duten kafea hartzen duten bitartean.

Irailaren 12an, Alfonsina Leranoz ikertzaile argentinarrak “Basterretxea erbestean” hitzaldia emango du “Basterretxea 3 taupada” zikloaren barruan, erbesteak euskal artistengan duen eraginaz hausnartuz. Gainera, irailaren erdialdetik azarora bitartean, bisita gidatuak eskainiko dira.

Jarduera hauetan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea 946255451 telefonoaren edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikoaren bidez.