Kontrakoa pentsatzen bazen ere, Ikuspegik egindako txosten baten arabera euskal gazteriak ez du, krisi ekonomikoaren eraginez, atzerrira edo bestelako autonomia erkidegoetara gehiago emigratu. Horrela, Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak azaldu duenez, krisi ekonomikoaren garaian (2008-2014) Euskaditik alde egin zuten gazteen kopurua aurreko urteetan (2000-2007) izandako kopuruaren antzekoa da. Txostenaren arabera, batez beste, urtero 4000 gazte inguruk utzi dute Euskadi eta kopuru hori nahikoa egonkor mantendu da azken zazpi urteetan, nahiz eta krisi garaian arinki altuagoa izan. Txostenak azpimarratzen duenez, Euskaditik joan egin diren gazte gehienak atzerritar jatorrikoak dira. Gazte horiek oparoaldi ekonomikoaren garaian etorri eta krisiarekin batera alde egin omen zuten. Bertako gazteon migrazioak, berriz, ez dira hain altuak izan. Euskaditik joaten diren gazteak atzerrira zein Estatuko beste erkidegoetara joaten dira. 2008. urtera arte Estatua zen euskal gazteen destino nagusiena baina krisiarekin batera atzerriko beste estatuek hartu dute protagonismoa.