Euskal itsasertzak atzera egiten du

Euskal itsasertzak hainbat hondartza galduko ditu larrialdi klimatikoaren ondorioz. Gipuzkoako hareatzen % 70i eta Bizkaikoen % 45i eragingo die klima-aldaketaren ondorioz izango den itsas mailaren igoerak

Euskal itsasertzak nabarmen egingo du atzera hurrengo hamarkadan klima-aldaketaren ondorioz izango den itsas mailaren igoeragatik. Uda honetan bertan Greenpeace-k argitaratu duen ‘Crisis a toda Costa’ txostenak jasotzen duenez, Gipuzkoako hareatzen % 70 ingururi eta Bizkaiko hareatzen % 45i eragingo die fenomeno horrek. Txostenak agerian uzten duenez, itsas mailaren igoeraz aparte, muturreko fenomeno meteorologikoen areagotzeak eta itsasbazterraren degradazioak egoera larriagotzen dute.

Txostenak Estatuak dituen 8.000 kilometro baino gehiago dituen itsasertzaren erradiografia egiten du. Eskualdearen arabera, itsas mailaren igoera, itsasoko tenperaturaren igoera, muturreko fenomeno meteorologikoak edo turismoaren zabalkuntza bezalako arazoek eragiten diote tokiko itsasertzari.

Ikerketak azpimarratzen duenez, Estatuko itsasertz osoa, Euskadikoa barne, arriskuan dago. Gehiegizko urbanizazioa eta azpiegiturak, kutsadura, hesi artifizialen eraikuntza (dikeak, kai-muturrak, itsas pasealekuak edo kirol-portuak), baliabide naturalen xahuketa edo ibai-ibilguen aldaketa, dela ubideratzeagatik, lurperatzeagatik eta desbideratzeagatik, dira itsasertzak pairatzen dituen arazo nagusiak.

Greenpeacen ustez, ekintza horiek guztiek, hondartzak arriskuan jarri dituzten desorekak eragin dituzte eta, horiekin batera, beren babes-funtzioa ere, kostaldean bizi diren milioika pertsonen bizitza arriskuan jarriz. Turistifikazioa ere Donostia bezalako hainbat hiriri eragiten dien jardunbide desegokia da.

Gizakion jardunbide desegoki horiei klima-aldaketak eragindako horiek ere gehitu behar zaizkie: itsas mailaren igoera, muturreko fenomeno meteorologikoen maiztasunaren eta intentsitatearen areagotzea (bero-boladak, lehorteak, euri-jasak, ekaitzak, urakanak, suteak edo uholdeak), itsasoaren tenperaturaren etengabeko igoera eta uretan disolbatutako oxigenoaren galera.

Euskal itsasertza arriskuan

Itsas mailaren igoerak oso ondorio larriak izango ditu euskal itsasertzean. Igoera horrek, ‘Impactos y riesgos derivados del cambio climático en España’ txostenean jasotako datuen arabera, Gipuzkoako hondartzen % 70 ingururi eta Bizkaikoen % 45 ingururi eragingo die. Itsaslabarrak nagusi diren kostaldeko 246 kilometroetan, 33 baino ez dira hondartzak.

Greenpeacek argitaratu duen txostenean jasotzen denez, euskal kostaldeak degradazio-zantzuak ditu, industria- eta hirigintza-presioen ondorioz. Guztira, itsasertzaren % 12,8 artifizializatuta dago eta, ondorioz, jada ez die herritarrei hain baliagarriak eta doakoak diren ondasunik edo ingurumen-zerbitzurik ematen.

Erosioa eta itsas mailaren igoera mehatxu handiak dira euskal itsasertzarentzat. Gure lurraldean diren hondartza guztiek, sei urteko epearen barruan, itsas mailaren igoeraren ondorioak pairatuko dituzte. Azti teknologia-zentroaren arabera, itsas mailak 3,2 mm egiten du gora urtero. Mende honen amaierarako, euskal kostaldean 50-80 zentimetro artean igoko dela aurreikusten da eta, ondorioz, itsasertzak 50 eta 100 metroa artean egingo luke atzera. Greenpeacen txostenak gogorarazten duenez, Bruun erregelaren baitan, itsas maila igotzen den zentimetro bakoitzeko itsasertzak metro bat egiten du atzera.

Itsas mailaren igoera horrek, marea biziko baldintzetan itsasertzeko eremu askotan uholdeak eragin ditzake, eta portuetan, dikeetan eta pasealekuetan kalteak eragin ditzake denboraleetan. Horrelako gertaeren ostean hondartzen eta paduren ehuneko handi bat galdu daitekeela aurreikusten da. Aztik ohartarazi duenez, gainera, itsas mailaren igoera horrek estuarioetako ekosistemak ere kaltetuko ditu, hala nola padurak edo itsas-larreak. Horrelako guneak oso garrantzitsuak dira bioaniztasunaren babeserako eta karbono urdinaren hustubideak direlako.

Mehatxu urbanistikoak

Klima-aldaketaz gain, txostenak euskal kostaldean diren zenbait puntu beltz ere zehazten ditu. Estatuko beste zenbait eskualdeekin alderatuta boom urbanistikoaren eragina txikiagoa izan arren, Greenpeacen txostenak dio euskal kostaldea eremu babestu bateko adibiderik txarrenetako batek mehatxatzen duela: Urdaibaiko Biosfera Erreserbako bigarren Guggenheim museoaren proiektuak.

Proiektu horrek bi egoitza eraikitzea aurreikusten du. Horietako bat, Murueta ontziolan, padurari irabazitako lurraldeetan aurkitzen da eta nazioarteko babesa du. Gainera, Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak ontziolak lurzoruak deskutsatzeko duen erantzukizuna saihestea ahalbidetu du, eta kostaldearen babesa aldatu du, instalazioak Urdaibaiko paduretatik 20 metrora eraiki ahal izateko. Eremu hori babestuta dago, balio ekologiko handia duelako, eta turistifikazioak arriskuan jarriko luke.

Itsas maila 3,2 mm igotzen ari da urteko, eta mende honen amaierarako 50 eta 80 zentimetro artean igotzea espero da euskal kostaldean; horrek kostaldearen 50 eta 100 metro arteko atzerapena ekarriko luke

Euskal kostaldean den beste puntu beltz bat, Greenpeacen txostenaren arabera, Barbadun itsasadarrean den Petronor-en instalazioa da. Erakunde ekologistaren hitzetan, “Muskiz hondakin eta isurketen estolda bihurtu da; izan ere, instalazioak gas oso kutsakorrak isurtzen ditu findegitik eta koke-instalaziotik, hala nola sufre dioxidoa”.

Txostenean aipatzen diren beste puntu beltz batzuk dira Lemoizko zentral nuklearraren esparruan arrain-haztegi bat eraikitzeko dagoen proiektua eta Getarian den atun gorriaren gizenketarako itsas-etxaldeen proiektua. Azken horren inguruan, Greenpeacek ohartarazi duenez, “gizentzeko kaiola erraldoiek sortutako hondakinek eragin argia izango dute itsas hondoetan”. Are gehiago, atunak oso arrain jatunak dira, egunean bi eta sei kilo arrain artean jaten dituztela uste da, eta arrain horiek guztiak Kantauriko kostaldean lortu beharko lirateke.

Turistifikazioaren eragina

Turismoaren presioak ere modu negatiboan eragiten du euskal itsasertzean. Urdaibaiko proiektuaz gain, kostaldeko beste zenbait puntu antzeko fenomenoaren eraginpean daude. Horien artean txostenean Santa Klara uhartearen kasua aipatzen da, “itsas hegaztiek eta babestutako espezieek habia egiten duten ingurune pribilegiatua, historikoki errespetatua izan dena, eta bisita-aldia luzatu duena, kontserbazioaren aurka”.

Txostenak aipatzen duen beste puntu bat Gaztelugatxe da, “mugarik gabeko bisitarien atrakzio” bilakatu delako eta, bisitarien kopurua mugatu den arren, aparkalekurako zonak areagotu direlako.

Donostia ere turistifikazioaren ondorioak bizi dituen hiria da eta horri aurre egiteko, momentuz, ez du pisu turistiko edo hotel berriak eraikitzeko baimen gehiagorik emango. Donostiako Udalak berak aitortu duenez, turismoaren areagotzeak bertakoen bizi-kalitatea baldintzatzen du eta, zuzenean, gastronomia, kultura-agenda eta ekonomia bezalako esparruetan eragiten du.

Bilbon, turistifikazioa hain agerikoa ez izan arren, jada horren ondorioak pairatzen hasiak dira eta Udalak jada lehen urratsak eman ditu pisu turistiko berriak mugatzeko eta turismo-tasa bat ezartzeko.

Inpaktua arrantzan eta itsasoko bioaniztasunean

Itsasoko tenperaturaren igoeraren inguruko datuek agerian uzten dutenez, 2022. urteaz geroztik etengabe gertatzen dira itsasoko bero-boladak eta Bizkaiko Golkoko urak zaurgarrienetakoak dira.

Itsasoko tenperatura altuagoek uretan disolbatuta den oxigenoa gutxitzea eragiten dute. Horri poluzioa gehitzen bazaio, itsasoko urak gero eta azidoagoak direla ikus daiteke. Europako Ingurumen Agentziak ‘hirukote hilgarria’ (deadly trio) esaten dio fenomeno horri. Izan ere, faktore horiek guztiek zuzeneko eragina dute itsasoko biodibertsitatean, espezieei nahiz arrantzako eta itsaski-bilketako jarduerei eraginez.

Aztik jada klima-aldaketak espezieetan duen eragina neurtu du. Aztertu dituzten horien artean, adibidez, antzeman dute berdelaren errunaldiak gero eta iparralderago izaten direla eta antxoaren errunaldiak eta hegaluze gazteen migrazioak aurreratzen direla. Aingira espezie kalteberenetakoa da, gainera, jada egoera kritikoan dagoelako.


Kostalderako irtenbideak

Greenpeacek azpimarratzen duenez, “berotegi-efektuko gasen emisioak arinki murriztuko balira mundu osoko hondartzen atzerapenaren % 40 inguru ekidingo litzateke”. Era berean, orain arte ezarritako neurriek , hala nola hondartzen berriztatze artifizialak edo itsas pasealekuak berreraikitzeak jada ez dutela balio dio erakunde ekologistak. Izan ere denborale bakoitzak egindako esku-hartze artifizialak suntsitzen ditu. Horiek, gainera, garestiak izateaz gain, ez diote arazoaren erroari erantzuten. 2016 eta 2020 artean bakarrik 60 milioi euro baino gehiago gastatu ziren hondartzetan harea artifizialki birjartzen.

Greenpeacek berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko anbizio handiko politikak eta, zientzian oinarrituz, kostaldea babesteko eta egokitzeko arauak eskatzen ditu. Horrekin batera, kostaldeko naturguneetara ingurumen-kalitatea bueltatzea ere eskatzen da, arriskuetatik babesteko ingurune natural egonkorrak izateko. Eta, aldi berean, beharrezkotzat jotzen da uraren kalitatean eragiten duen poluzioarekin amaitzea. Europar Batasunak jada hainbat isun jarri dizkio Espainiari azken kontu horrengatik.

Turistifikazio masiboaren arazoari aurre egiteko Greenpeacek hegaldiak eta gurutzaldiak murriztea, gauak igarotzeagatik tasa bat ezartzea eta ostatatze turistikoak mugatzea eskatzen du.

Gainera, arazoari errotik eusteko, Greenpeacek bestelako neurri hauek ere proposatzen ditu:

  • hirigintza-plangintzan eta azpiegituren plangintzan klima-aldaketari buruzko aurreikuspenak sartzea
  • hesi artifizialak sortzen dituzten azpiegiturak eraikitzea eta urbanizazioa eragoztea
  • paduren eta hezeguneen barrualderako hedapena kontserbatzea eta erraztea; urpean gera daitezkeen eremuak berreskuratzea
  • itsaso-lehorreko jabari publikoa zehazten duten mugaketak berrikustea, denboraleen eta itsas mailaren igoeraren aurrean babesteko gutxieneko eremua baita