Marca kirol-egunkariak jasotzen zuenez, Espainiako Pilota Federazioak (FEP), mundu osoko gazteak erakarri nahian, euskal pilotaren bertsio eraberritu bat aurkeztu nahi du eta, horretarako, Playstation ekoizten duen Sony konpainiarekin batera, ‘Frontball’ izeneko bideo-joko bat garatuko du. Bideo-jokoan pilotaren jokoa frontoietatik atera eta kalera eraman dute, FEPeko presidente Julián Garcíak azaldu duenez, instalazio falta dela eta gazte askok kirol hori praktikatzeari uzten diotelako. Estatu Batuetan, adibidez, kalean jokatzen den modalitate horrek jarraitzaile gazte asko omen ditu eta 2015.urtean, Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioak euskal pilotaren diziplina gisa onartu zuen.
Sonyk aurreratu duenez, seguruenik jokoa ‘PlayStation Talents’ izeneko programaren barruan garatuko da. Programa horrekin, Sonyk garatzaile gazteei aukera bat eman nahi die eta Espainian bost garapen zentro ditu; horietako bat Bilbon. Momentuz, bakarrik bideo batean oinarritutako kanpaina grafikoa garatu da. Bertan, bi gazte ikus daitezke grafittiz beteta dagoen pareta baten aurka jokatzen.