Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuak berriki argitaratu dituen datuen arabera, foru erkidegoko biztanleriaren laurdenak baino gehixeagok (% 26,7) du euskararen ezagutza mailaren bat. Zehazki, Nafarroan bizi diren 3 urte edo gehiagoko biztanleek euskaraz duten hizkuntza-gaitasuna aztertzea helburu duen ikerketa horren arabera, biztanleriaren % 15,1 euskara ulertzeko eta hitz egiteko gai da eta % 11,6, berriz, euskaldun hartzailea litzateke, hots, euskara ondo edo zailtasunez ulertzeko gai dira, baina ez dute hitz egiten edo zailtasunez egiten dute. Euskaldunen kopuruak, ehunekotan zein kopuru absolutuetan gora egin badu ere, Nafarroako biztanleriaren gehiengo zabal bat (% 73,3) ez da euskara ulertzeko edo euskaraz hitz egiteko gai.
Hizkuntza gaztea
Txostenak agerian uzten duenez, euskararen ezagutza handiagoa da adin-talde gazteenetan. Horrela, 24 urtetik beherako gazteen artean euskaldunen kopurua % 25etik gorakoa da. Adinak gora egin ahala ehuneko hori jaisten da eta 65 urtetik gorakoen artean % 8,3 baino ez dira euskaldunak. Nabarmentzekoa da 25 eta 34 urte bitartekoen artean izan dela euskaldunen gorakadarik handiena. Zehazki, adin-talde horretan 2021eko % 18,9tik egungo 19,6ra pasatu da. 35-44 eta 45-54 adin-taldeetan aintzat hartu behar diren igoerak izan dira, 0,6 eta 0,5 puntu, hurrenez hurren.
Nafarroako 272 udalerrietatik 20tan euskal hiztunen ehunekoa % 80,0tik gorakoa da. Urroz (% 95,9) da euskal hiztunen ehunekorik handiena duen udalerria
Ohi bezala, Nafarroan den zonifikazioaren ondorioz oso datu heterogeneoak ikus daitezke. Horrela, 2022an, eremu euskaldunean bizi diren biztanleen % 62,0, eremu mistoan bizi direnen % 13,8 eta eremu ez-euskaldunean bizi direnen % 2,8 euskaldunak dira. Aurreko urtearen aldean, eremu mistoan bizi diren euskaldunen ehunekoa hiru hamarren igo da, eta eremu ez-euskaldunean bizi diren euskaldunen ehunekoa hamarren bat.