Koldo Colomo, ‘Hiztegi ttipia. Izarbe eta Mañeru Ibarretako euskal izengoitiak’ liburuaren egilea eta José Luis Erdozia ‘Lehengo harenez. Nafarroako euskal hizkeretako lexia konposatuak’ azterlanaren egilea izan dira Euskarabideak antolatu duen euskarari buruzko ikerketa linguistikoen lehiaketaren irabazleak.
12.000 euroko diru-hornidura izan duen lehiaketaren xedea da euskararen inguruko lexikografia, dialektologia, toponimia eta soziolinguistika sustatzea eta, aldi berean, aipatu gai horien guztien inguruan egiten diren ikerketa lanen argitalpena ere sustatzea.
Irabazleak
Koldo Colomok Mañeruibarko eta Izarbeibarko 425 izengoiti bildu ditu bere hiztegian. Saritutako lan horretan egileak bi ibar horietako ondare onomastikoa bildu du, irakurleari euskarazko erregistro informalerako baliabide lexiko eta linguistikoak eskaintzeko.
José Luis Erdoziak berriz, hiztegietan sarrera nagusi edo azpisarrera moduan, normalean, agertzen ez diren bederatziehundik gora lokuzio, esapide edo esamolde, aditz perifrasi eta gainerakoak bildu ditu bere ikerlanean. Nafarroako euskal hizkeren eremuetako hiztunek erabili izan dituztenak dira, eta horietako zenbait, oraindik erabiltzen direnak.