Euskaraldiaren IV. edizioak aldaketa handiak izango ditu  

Egun jakin batzuetara mugatzen den ariketa sozial bat izatetik denboran eta gizartean zabalduko den dinamika bat izatera pasatu nahi da.

Euskaraldiaren IV. edizioak aldaketa esanguratsuak izango ditu aurreko edizioekin alderatuta. Agerikoena, data aldaketa izango da. Orain arte, Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatu izan ohi da, baina 2025ean, maiatzean izango da, 15etik 25era bitartean, hain zuzen ere. Izan ere, Iruñean egin den aurkezpenean antolatzaileek azaldu dutenez, Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatu nahi izan dute. Aldaketa hori ez da parte-hartze eskas baten edo eraginkortasun falta batean oinarritzen. Aitzitik, 320.000 euskaldun baino gehiagok parte hartu dute noizbait hizkuntza-ohiturak aldatzea helburu duen ariketa sozial honetan eta bere eraginkortasuna aski frogatuta geratu da edizioz edizio egin izan diren ondorengo ikerketetan.

Hala ere, azken edizioaren ostean egindako hausnarketaren ostean, antolatzaileek aldaketa baten beharra ikusi zuten “herritarrengan, berriz ere, ilusioa masiboki pizteko”.

Data ezezik, Euskaraldiaren definizioa ere aldatu egingo da datorren edizioan eta ‘hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala’ izatetik ‘euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua’ izatera pasatuko da.

Elkar mugituz egingo dugu 

Iruñean izan den aurkezpen-ekitaldian antolatzaileek onartu dutenez, “Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia” bat diseinatu nahi da, besteak beste, egun jakin batzuetara mugatzen den ariketa sozial bat izatetik denboran eta gizartean zabalduko den dinamika batera pasatuz. Zentzu horretan, edizio berriaren leloak, ‘Elkar mugituz egingo dugu’, aktibazioari, mugimenduari, emozioei eta batak bestearengan dugun eraginari egiten die erreferentzia. Nolabait, Euskal Herri osoan euskararen erabilera aktibatzeko prest dagoen jendea batu, trebatu, antolatu eta dinamika soziala indartu nahi da.

Eta horretan hasi dira jada hainbat eragile eta herritar. Izan ere, hainbat udalerritan jada martxan jarri dira batzordeak edizio berria prestatzen. Horiei laguntzeko, gainera, tresna berri bat prestatu da: Euskara aktibatzaileen gida-liburua.