Euskarazko kultur proiektuak laguntzeko kanpaina

Abian da Gasteizko ‘Batera, kultur proiektuak elkarrekin’ deialdian hautatutako proiektuak finantzatzeko ‘crowfunding’ kanpaina

Aritz IbarrakSandra Salazarrek eta Aitor Gómezek aurkeztutako lanak izan dira euskarazko kultur proiektuak laguntzea helburu duen ‘Batera, kultur proiektuak elkarrekin’ deialdian hautatuak izan direnak. Deialdi horren xede nagusia da Euskal Herri osoko 16 eta 30 urte bitarteko gazte euskaldunei laguntza eskaintzea beren kultur proiektuak garatzeko aukera izan dezaten.

Aipatu hiru egitasmo horiek gauzatzeko finantzazioa behar da eta, horretarako, ‘crowfunding’ kanpaina bat jarri da martxan itsulapikoa.eus plataforman. 40 egun izango dituzte beren egitasmoak finantzatzeko behar duten kopurua lortzeko.

Hautatuak izan diren proiektuek ‘crowfunding’ kanpaina prestatzeko aholkularitza teknikoa jaso dute. Gainera, 2.000 euroko ekarpena ere izan dute. Egitasmoen garapenerako, Ibarrak, Salazarrek eta Gómezek deialdiaren antolatzaileen laguntza izan dute: OihanederGauekoakLaboral Kutxa eta Vital Fundazioa.

Kultur proiektuak

Aritz Ibarrak aurkeztutako egitasmoa ‘Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea’ eleberri grafikoa da. Bertan, Gasteizen historien mugarri den jazoera baten berri eman nahi da. 1200. urtean Gaztelako Erresumako gudarosteak, bederatzi hilabeteko setioaren ondoren, Nafarroako Erresumaren barruan zen Gasteiz hiria konkistatu zuten, bertako herritarren etorkizuna guztiz aldatuz.

Sandra Salazarren ‘Idi-gosea’ proiektuan nerbio-bulimiaren eta elikadura-jokabidearen nahasmenduaren (EJN) inguruko informazioa biltzen duen fanzine batean eta erakusketa batean oinarritzen da. Fanzinean Salazarrek nerbio-bulimiaren eta pazienteek dituzten bizipenen inguruko informazioa aztertuko du. Erakusketan, berriz, fanzinean jasotzen den informazioa osatuko da informazio gehigarriarekin.Hautatua izan den azken egitasmoa Aitor Gómezek ordezkatzen duen XUP! antzerki taldearena da. Kasu horretan, proiektua 15 minutuko iraupena duten zortzi ataleko websail bat da. Izenburua ‘Beita’ da eta egitasmo digitala eta transmedia denez,  atalak plataforma digital batean ikusi ahal izango dira. Websaila ikuspegi feminista batetik sortu da eta ‘thriller’ moduan bortxaketa bat argitzen saiatzen den lagun baten istorioa azaltzen du.