Gasteizko Gazteria Zerbitzuak 16 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako tailerrak jarri ditu martxan, lanaren, etxebizitzaren eta eskubideen arloko lege-orientazioa emateko. Tailer horiek V. Udal Gazte Planaren parte dira, eta apirilaren 9, 16 eta 23an egingo dira Gazte Informaziorako Udal Bulegoan, “Ezagutu zure eskubideak” lelopean.
Ekimenaren helburua da gazteak ahalduntzea beren bizi-prozesuetan, eta informazioa eta aholkularitza ematea eguneroko bizitzarako garrantzitsuak diren lege-gaiei buruz.
Tailerrak apirilaren 9an, 16an eta 23an egingo dira, 18:00etan, Gazte Informaziorako Udal Bulegoan, Espainia plazan.
Lehenengo saioa, etxebizitzaren arlokoa, euskaraz egingo da eta alokairua, erosketa eta laguntza publikoak bezalako gaiak jorratuko ditu. Bigarren hitzaldian, gaztelaniaz, enpleguaren inguruko gaiak jorratuko dira, hala nola lan-kontratuak eta nominak. Azken tailerra, euskaraz ere, dinamikoa eta parte-hartzailea izango da, eta hainbat gai jorratuko ditu, adibidez, oinarrizko eskubideak, zuzenbide administratiboa eta fiskala, eta kontsumitzailearen eskubideak.
Tailer hauetan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da Gasteizko Udalaren web orrian.