Familia-harremanetan sakontzen duen Liam Macdonell-en erakusketa

Liam Mcdonell argazkilari gasteiztarraren “You Are Still You” erakusketak memoria, familia-harremanak eta gaixotasunaren arteko elkargunea jorratzen du

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Datorren otsailaren 17ra arte, Labe Gazte Laborategian, ikusgai izango da Liam Mcdonell argazkilari gasteiztarraren “You Are Still You” izenburuko erakusketa. Hainbat argazkiren bidez, Mcdonellek memoria, familia-harremanak eta gaixotasunaren arteko elkargunea jorratzen du sentikortasuna eta umorea uztartzen dituen ikuspegi artistiko batetik. Proiektua artistaren esperientzia pertsonaletatik sortzen da, bereziki, bere aitarekin izandako harremanean. Artistak berak adierazi duenez, harreman hori azken urteotan bere egoera emozionalaren “baldintzatzaile nabarmenetako bat” izan da.

Familia-harremanak

Mcdonellek argazki-tekniken konbinazio bat erabiltzen du, irudi analogiko eta digitalak nahastuz, iraganaren eta orainaren arteko elkarrizketa bisuala sortzeko. Irudi estatiko zein mugimenduzkoaren bidez, artistak oreka puntua bilatzen du memorian geratzen denaren eta desagertzen denaren artean, ukigarria eta ukiezinaren artean.



Erakusketa asteazkenetik ostiralera ikusi ahal izango da 17:30etik 20:30era Labe Gazte Laborategian.

Advertisements