Fanzineen gerra Donostian

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko 35. Asteak fanzineen gerran izena emateko epea ireki du

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen 35. edizioak Fanzineen Gerran izena emateko epea ireki du. Egitasmo hau FNACekin eta Euskal Itsas Museoarekin lankidetzan antolatzen da eta bere helburua fantasia, beldurra eta herri-kulturari ardatz duen zinemari buruzko paperezko argitalpen independenteen sorkuntza eta zabalkundea sustatzea da.

Fanzineen gerra

Interesatuek urriaren 11ko 12:00ak arte izango dute izena emateko aukera. Horretarako nahikoa da guerrafanzines@gmail.com helbidera mezu bat bidaltzea. Sei taldek baino ez dute gerran parte hartzeko aukera izango, eta hautaketa-prozesuak bi printzipio nagusi jarraituko ditu. Lehenik eta behin, aurretik parte hartu ez duten taldeak lehenestuko dira. Bigarrenik, taldeak izen-emate hurrenkeraren arabera aukeratuko dira eta, horregatik, azken momentura arte ez itxarotea gomendatzen da. Talde bakoitzak gutxienez bi kide izan beharko ditu.

Aurkezten diren taldeek 8 orrialdeko fanzine bat sortu beharko dute paperean, eta horietako bik, gutxienez, aurtengo Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko programazioarekin nolabaiteko harremana izan beharko dute. Fanzineek, lauki formatuan (A-5) eta zuri-beltzean, euskarazko eta gaztelaniazko edukiak sartu ahal izango dituzte. Esan bezala, zinema fantastikoarekin, terrorearekin edo kultura friki eta nostalgikoarekin lotuta egon beharko dute nolabait. Taldeek edukiaren zati bat aurreratu ahal izango dute, baina jaialdian zehar fanzinearen elaborazioa osatu beharko dute, baliabide propioekin.

Antolakuntzak Asteko proiekzioetara joateko behar diren akreditazioak emango dizkio talde bakoitzari. Trukean, parte hartzaileek beren fanzinea publikoari aurkezteko konpromisoa hartzen dute, eta horiek erabakiko dute talde irabazlea. Talde bakoitzak, gehienez, 10 minutu izango ditu kanpaina egiteko eta publikoa konbentzitzeko bere sorreraren alde bozkatzeko.

Fanzinea formatu digitalean (PDF) entregatu beharko da talde bakoitzari esleitutako eguna baino lehen, eta antolakuntzak erreproduzituko du jendeari banatzeko. Gerra urriaren 25etik azaroaren 1era bitartean gauzatuko da, amaiera ekitaldian irabazlearen azken aurkezpena eta iragarpena eginez.

Talde irabazleak FNACen trukatu daitezkeen 50 euroko erosketa-txartelak jasoko ditu. Horrez gain, gerran parte hartzen duten fanzine guztiak jaialdiaren webgune ofizialean erakutsiko dira.