FotoArte 2023 arkitekturan inspiratzen da

Epaimahaiak aukeratzen dituen 32 lan onenekin Gasteizko zenbait gizarte etxe bisitatuko dituen talde-erakusketa ibiltari bat antolatuko da

Gasteizko Udalak antolatzen duen Fotoarte 2023 sariketak arkitektura izango du ardatz. Lehiaketa honen xedea da argazkilaritza herritarrei hurbiltzea haien sormena indartuz.

Lanak aurkezteko epea datorren martxoaren 20an amaituko da. Horretarako udal webgunean den inprimakia osatu behar da. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, arkitektura oinarri duen bi lan aurkeztu ahal izango ditu.

Sariak

Lehiaketak hiru sari eskainiko ditu. Irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu, finalistak 700 euro eta bertako artista onenak 400 euro. Hiru sari horiez gain 150 euroko bi accesit ere banatuko dira. Bertako artistaren sarian Gasteizen bizi, lan egin edo ikasten duten parte-hartzaileek bakarrik parte hartuko dute. Epaimahaia argazkilaritza eta arte esparruan eskarmentu handia duten hiru lagunek osatuko dute. Epaimahaiaren erabakia apirilaren 21ean ezagutzera emango da.

Aurkeztutako lan guztien artean epaimahaiak  32 argazki aukeratuko ditu, horien barne argazki saridunak daudelarik. Argazki horiekin talde-erakusketa bat antolatuko da Pilar gizarte etxean maiatzaren 31an. Erakusketa ibiltaria izango da eta hiriko beste zenbait gizarte etxetan ere ikusi ahal izango da. Aldi berean, jarduera osagarri batzuk ere programatuko dira, herritar guztiei zuzenduak: hitzaldiak, solasaldiak, lantegi praktikoak, mahai-inguruak eta erakusketak. Jarduera horien guztien egitaraua zehazteke dago.