Bost gune pornografiko, horien artean ezagunenetako batzuk barne (Pornhub, Xvideos, xHamster), Frantzian blokeatuta izateko arriskuan dira adingabeak babesteko neurri eraginkorrak ez ezartzeagatik.
Frantziar gobernuaren eta helduentzako edukien plataformen arteko tirabira duela bi urte hasi zen. 2020. urtean etxeko indarkeriaren aurkako lege bat onartu zuten frantziarrek, eta bertan adingabeak helduentzako edukien aurka babesteko dekretu bat jasotzen zen.
Lege berriaren arabera, eduki pornografikoetara jotzen duten erabiltzaileek beren adina egiaztatu beharko dute. Gaur egun, kasu gehienetan, nahikoa da adinez nagusia zarela egiaztatzeko eskatzen duen mezu batean klik egitea. Norbait adinez nagusia dela frogatzeko, informazio pertsonala edo agiri ofizialak bildu beharko lirateke. Erresuma Batuan, adibidez, 2019. urteaz geroztik NANa eskatzen da eta Txinan aurpegia eskaneatu behar da.
Frantziar agintarien jomugan zen Jacquie eta Michel guneak, adibidez, MyPass18 delakoa erabiliko du hemendik aurrera. MyPass18 OpedID-rekin dabilen kautotze-gailu bat da.
Europan eta Frantzian datuak babesteko erakundeek ohartarazi dutenez, eduki pornografikoa banatzen duten editoreek ezin dute erabiltzaileen adina egiaztatzeko prozesuan horien datu pertsonalik bildu. Hori, Europar Batasuneko Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren (DBEO) arau-haustetzat jo daiteke.
Eduki pornografikoa eskaintzen duten plataformak legearen aurka azaldu dira, sarbiderako kontrol handiago batek helduen pribatutasunaren aurkakoa delako.
Hil honetan bertan, eta plataforma horiek adina egiaztatzeko neurri eragileak hartu ez dituztela ikusirik, Ikus-entzunezko Komunikazioak eta Komunikazio Digitalak arautzeko Agintaritzak PornHub, xHamster, Tukif, Xvideos eta Xnxx webguneak blokeatzeko legezko ekintzak jarri ditu martxan. Bost gune horiek dira egiaztatze-sistema eraginkorren bat ezarri ez duten bakarrak.
Alternatiba gisa gailuetan diren gurasoen kontrol sistemak indartzeko aukera aztertzen ari dira. PornHub guneak, adibidez, horrelako neurriak eraginkorragoak izan daitezkeela adierazi du eta horien alde egin du.