“Gasteiz euskararen hiria” jardunaldia urriaren 19an

Vitoria-Gasteiz Euskararen Hiria ekimenak adin guztietarako musika, antzerkia, kirolak eta tailerrak eskainiko ditu

Urriaren 19an, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan “Vitoria-Gasteiz Euskararen Hiria” jardunaldia egingo da, euskarari eta euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten eragileen garrantzia nabarmentzeko. 12 orduz jarraian, 10:00etatik 22:00etara, hamahiru jai-jarduera egingo dira adin guztietako herritarrentzat.

Ekitaldiak euskarazko programazio zabala izango du, tailerrak, antzerki ikuskizunak, jolasak, kirol jarduerak eta kontzertuak barne. Euskaraz hitz egiten dutenentzat, ikasten ari direnentzat edo, besterik gabe, giro euskaldunaz gozatu nahi dutenentzat diseinatuta dago jardunaldia. Gainera, jardunaldiaren helburua da espazio bat eskaintzea euskara ulertzen duten, baina erabileran zailtasunak izan ditzaketen biztanleek, euskaraz ondo moldatzen diren horiekin esperientziak partekatzeko aukera izan dezaten. Gasteizen, herritarren % 30 inguru da euskaraz komunikatzeko gai, duela hamarkada bat baino % 7,5 gehiago.

Egitaraua

Egitaraua goizeko 10:00etan hasiko da, Tor eta Txoborro magoen eskutik. Aldi berean, Plaza Berrian kirol eta aisialdi jarduerak egingo dira Badaiotz sokatira klubaren Kimuak elkartearen eskutik. 12:30ean, zumba saio herrikoia, bertso emanaldia eta bi kalejira egingo dira Gasteiz Kantuz eta Dirty Durum brass bandarekin.

Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, Ane Gebara eta Aitor Vinagret aktoreek  “Patata Minak” antzezlana eskainiko dute, bertako euskaltegiek antolatutako jokoekin eta Amaia Bonoren bakarrizketarekin batera. Eguneko programazioa 20:00etatn aurrera amaituko da Pasadena eta Annekdotas taldeen kontzertuekin. Kultur eskaintzaz gain, bertaratzen direnek gastronomia eskaintza zabala izango dute: Kuartango sagardotegiko upelak, Hazia tabernako pintxoak, Arabako Taloak taldearen taloak eta GaragArten artisau-garagardoa.