Gasteizko Udal Antzoki Sareak 2024ko abendutik 2025eko martxora bitartean garatuko den neguko programazioa aurkeztu du. Denboraldiak antzerkia, musika, dantza eta flamenkoa hartzen ditu barne eta, guztira, hiru multzo nagusitan banatuta dauden 15 ikuskizun eskainiko ditu.
Abenduaren 19tik urtarrilaren 4ra bitartean Felix Petite eta Jesús Ibáñez de Matauco antzokietan garatuko den gabonetako programazioa, “Postdatarik gabeko gutunak” lanarekin hasiko da. Euskarazko lan horri esker Kepa Errastek Besarkada Saria jaso zuen gizonezko interprete onenaren kategorian. Abenduaren 20an, Alberto San Juanek Antzerki Klasikoaren Konpainia Nazionalarekin koproduzitutako “Macho grita” musika-komedia aurkeztuko du. Hurrengo egunean, abenduak 21, Héctor Alteriok tangoa protagonista duen “Una pequeña historia” musika-bidaia eskainiko du.
Gabonetako egitarauak jarraipena izango du, abenduaren 26an, Ron Lalá taldearen “4×4” umore-ikuskizunarekin. Abenduaren 27an, bost dantzari gasteiztar bilduko dituen KM0 dantza-galaren txanda izango da.
2025. urtean sartuta, urtarrilaren 3an, Yllana konpainiak Queen musika taldeari eskainitako omenaldia eskainiko du “We love Queen” ikuskizunaren bidez. Urtarrilaren 4an, Luis Boyanoren ‘Magia… y más allá’ familia-magia ikuskizunaren txanda izango da.
Urtarrilean eta otsailaren hasieran, programazioak hiru proposamen biltzen ditu: La Petita Malumaluga konpainia katalanaren “Bob Marley for babies”, urtarrilaren 19an; LaJovenek egindako Orwellen lanaren “Rebelión en la red” egokitzapena, urtarrilak 23; eta, “Ilargiari kantari”, Euskadiko Orkestraren kontzertua euskal herri-kantuekin (otsailak 2).
Denboraldia Antonio de Mairenari eskainiko zaion XXI. mendeko Flamenko zikloaren 28. edizioarekin osatuko da. Ziklo horretan parte hartuko dute, besteak beste, honako artista hauek: Mayte Martín (otsailak 1), Antonio Ortega eta Manuel Cástulo (otsailak 15), Pedro el Granaíno (martxoak 1), Rocío Luna (martxoak 15) eta Ezequiel Benítez (martxoak 29), guztiak Jesús Ibáñez de Matauco antzokian 19:30ean.
Gabonetako eta urtarrileko ikuskizunetarako sarrerak abenduaren 9tik aurrera egongo dira eskuragarri, eta flamenko ziklorako abonuak, berriz, abenduaren 11n jarriko dira salgai. Sarrerak Principal Antzokiko txarteldegian, antzoki sareko txarteldegian ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago, 945 16 10 45 telefonoan edo principalantzokia.org webgunean eros daitezke.