Eskualdeko lau gazteren obrak ‘Gazte Artea Ezkerraldean’-en

Urte amaiera bitartean lau artista gazteen lanekin egindako erakusketa Barakaldon, Sestaon, Santurtzin eta Portugaleten

Barakaldo, Portugalete, Santurtzi eta Sestaoko Udalek Gazte Artea Ezkerraldean erakusketa-zirkuituaren XII. edizioa aurkeztu dute. 15 eta 29 urte bitarteko tokiko artista gazteei beren sorkuntzak erakusteko aukera eskaintzen dien programa da ‘Gazte Artea Ezkerraldean’. Aurtengo edizioan, eskualdeko lau artista gazteren lanak aurkeztuko dira. Bere lanekin osatutako erakusketa datorren urtearen hasierara arte izango da ikusgai. Erakusketan parte hartuko dute lau artista gazteak Iratxe Esteve, Enara Conde, Nerea Ruiz eta Irantzu Antuñano dira.

Artista gazteak

Iratxe Esteve diseinatzaile grafiko barakaldarra da. UPV/EHUn Sorkuntza eta Diseinuan graduatua da eta Ikerketa eta Sorkuntza Artean masterra ere badu. Estevek jada parte hartu du Ertibil Bizkaia 2022 Erakusketa Ibiltarian eta bere lana Bilboko Rekalde Aretoan eta Bizkaiko beste kultur etxe batzuetan erakusteko aukera izan du.

Enara Conde sestaoarra Arte Ederretako ikaslea da eta marrazkia erabiltzen du esplorazio pertsonal eta artistikorako bide gisa. Bere ilustrazioen bidez, eguneroko eszena txikiak eta garrantzi publiko handiagoa duten gertaerak harrapatzen saiatzen da.

Nerea Ruiz santurtziarrak Bilboko marketin digitaleko agentzia batean egiten duen lana eta bere jarduera artistikoa uztartzen ditu. Ruiz ilustrazio digitalean eta beste arte forma batzuetan espezializatu da, hala nola crochetean, scrapbookingean, marrazkian eta zeramikan, eta bere lana “Marrubi” izen artistikoarekin garatzen du.

Portugaleteko Irantzu Antuñañok sineskerian, magian eta egunerokotasunaren mistikoan aurkitzen du inspirazioa. Antuñañok Sorkuntza eta Diseinuko ikasketak burutu ditu UPV/EHUn, eta gaur egun Patroigintza eta Moda ikasten ari da. Elementu komunen mitifikazioa aztertzen du, eta malenkonia herrikoiaren ikono bihurtzen ditu.

Erakusketa Barakaldoko Gazte Bulegoan egongo da ikusgai urriaren 17ra arte. Ondoren, Sestaora joango da eta urriaren 21etik azaroaren 15era Udal Musika Eskolan egongo da. Ibilbideak Santurtziko Mamariga Kulturgunean jarraituko du azaroaren 19tik abenduaren 10era bitartean. Azkenik, Portugaleten 2024ko abenduaren 13tik 2025eko urtarrilaren 4ra egongo da ikusgai Gazte Gelan.

Guztira, 48 artistak hartu dute parte zirkuitu honetan, eta hainbat diziplinatan erakutsi dute beren talentua: pintura, grabatua, ilustrazioa, argazkigintza, marrazki digitalak edota eskultura.