Gazte politiken zeharkakotasuna helburu etorkizunera begira

Legegintzaldi honetako Departamentuen arteko lehen Gazteria Batzordean zehaztu denez, gazte-politiken zeharkakotasuna izango da legegintzaldiaren amaierarako helburu nagusia.

Nafarroako Gobernuak legegintzaldi honetako Departamenduen arteko lehen Gazteria Batzordea egin du aste honetan. Bertan Departamentu ezberdinetako hogei bat zuzendari nagusi izan dira eta etorkizunera begirako helburuak finkatzeaz gain, 2021-23 aldirako III. Gazteria Planaren ebaluazioa ere ezagutu ahal izan dute.

2020. urtearen amaieran, Nafarroako Gobernuak 2020-2023 aldirako Gazteriaren Foru Estrategia onartu zuen. Hortik abiatuta, Nafarroako Gazteriaren Institutuak, gazteria esparruko hainbat eragilerekin batera landu izan dituen edukiak, programak eta jarduerak jaso ziren Gazteriaren III. Foru Planean. Plan horren indarraldia amaitu denez, Gazteria batzordeak horren ebaluazioa egin du.

Ebaluazioa

Batzordean ezagutzera eman denez, 2021-2023 aldian, eta Gazteriaren III. Foru Planaren barruan, 452 jarduera garatu ditu. Kopuru hori, hasieran jasotako jarduera kopurua baino % 4 handiagoa da. Jarduera horiek guztiak garatu ahal izateko, Nafarroako Gobernuak 189 milioi euro bideratu ditu.

Batzordean zehaztu denez, 452 jarduera horiek haien artean lotuta dauden 16 erabileremutan garatu dira. 16 arlo horiek, aldi berean, hiru ardatzetan sailkatzen dira: Auzolan ardatza, Emantzipazioaren ardatza eta ardatz Horizontala. Auzolan ardatzak asoziazionismoarekin, gizarteratzearekin, bizikidetzarekin eta generoarekin, boluntariotzarekin, lurralde-garapenarekin, hizkuntza-politikarekin edo aisialdiarekin eta denbora librearekin lotutako jarduerak biltzen ditu. Emantzipazioaren ardatzean, berriz, hezkuntza formala eta ez formalarekin, enpleguarekin, laneratzearekin eta etxebizitzarekin harremana duten jarduerak bildu dira. Azkenik, ardatz Horizontalak osasunarekin, kulturarekin, mugikortasunarekin, kontsumoarekin, kirolarekin eta bizitzaren iraunkortasunarekin lotutako jarduera guztiak bildu ditu.

Aurrera begira

Gazteriaren III. Foru Planaren ebaluazioa amaitu ostean, Batzordeak etorkizunera begirako helburuak zehaztu ditu. Puntu horretan, gazte politiken zeharkakotasunaren garrantzia azpimarratu da eta legegintzaldiaren amaierara arte hori izango da xede nagusia. Gobernuak 2025-28 aldirako estrategiaren ildoak zehaztu beharko ditu datozen hilabeteetan. Horretarako gazteen iritzia ere jaso da inkesten bidez. Galdeketa horietan jaso diren kezka nagusiak honako hauek izan dira: emantzipazioa sustatzeko laguntzak; deskontuak kultura- eta aisialdi-jardueretan; jarduera gehiago Iparraldeko eskualdeetan eta jarduera eskaintza anitzagoa Tuteraldean; artean, teknologian eta adimen artifizialean trebatzeko eskaintza zabalagoa; kirol-jarduera eskaintza anitzagoa; eta, zerbitzu publikoetarako sarbidea ematen duen karnet bakarra.

Argazkia: navarra.es