Nafarroako Gazteria Institutuak (NGI) Nafarroako Rural Kutxarekin eta Caixabankek gazteentzat sustatzen duen zerbitzu digitalen eta bizitza estiloen plataforma den imagin-ekin duen lankidetza hitzarmena berritu du 2022. urteko Gazte Txartela programarako. Aipatu erakunde horietako bakoitzak 88.656,65 euro jarritu ditu programa garatzeko eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak, programa kudeatzeaz gain, beste 55.000 euro jarriko ditu.
Guztira, beraz, programak 232.313,30 euroko aurrekontua izango du. Horri esker Gazte Txartelak hainbat abantailen artean, deskontuak eta prezio bereziak hainbat jardueratan; eta kontzertu, antzezlan eta zinemarako sarrerak eskainiko ditu. Gainera, abantaila berriak eskainiko dira establezimendu laguntzaileen bidez. Une honetan, Gazte Txartelak 14 eta 30 urte bitarteko 83.531 erabiltzaile ditu Nafarroan.
Aurten ere, programak aisiako eta astialdiko jardueren eskaintza zabala eta askotarikoa eskaintzen jarraituko du. Horiek guztiak urtaroko izaerarekin programatuta izango dira eta horien artean, tailerrak, formakuntza ikastaroak, lehiaketak eta, nagusiki kulturan erabili ahal izango diren deskontu-bonuen sustapenak azpimarra daitezke.
12 urtetik aurrera eta formatu digitalean
2022. urterako programan zehaztu diren lan-ildo estrategikoen artean badira garrantzi berezia duten bi. Alde batetik, abian jarriko da Nafarroako Europar Gazte Txartelaren eredu digitala. Beste alde batetik, Nafarroan Gazte Txartela eskuratzeko gutxieneko adina aldatuko da eta, horrela, 14 urtetik 12 urtera pasatuko da. Bi egitasmoak datozen hilabeteetan gauzatuko dira.
Iaz, programaren barruan, aisialdiarekin harremana duten 50 jarduera baino gehiago burutu ziren eta, horietan guztietan ia 15.000 gaztek parte hartu zuten. Gaur egun, programak beste 283 abantaila iraunkor eskaintzen ditu honako sektore hauetan: elikadura; ostatua; erosketak; kultura eta aisia; kirolak; ostalaritza; osasuna eta edertasuna; zerbitzuak; eta, bidaiak eta garraioak.
Gazte Txartela European Youth Card Associationek (EYCA) zuzentzen duen programa da eta Europako Kontseiluaren babesa du. 38 herrialdetan erabiltzen da eta 80.000 puntutan baino gehiagotan eskaintzen ditu deskontuak.