Zabalik da “Gazteak Auzolanean” programako laguntzak eskatzeko epea

Programak 5.000 eurorainoko laguntza emango die Gipuzkoan gizartea eraldatzen laguntzen duten proiektuei

Zabalik da Gipuzkoako Foru Aldundiak “Gazteak Auzolanean” programarako laguntzen deialdian egitasmoak aurkezteko epea. Deialdia Gipuzkoako 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie eta haiek sustatutako ekimen kolektiboa laguntzea du helburu. Laguntza horien bidez, Gipuzkoan eraldaketa soziala lortzen lagun dezaketen proiektu komunitarioak sustatu nahi dira, interes publikoko eta irabazi-asmorik gabeko esparru baten barruan.

Programak 25.000 euro ditu dirulaguntzetarako. Proiektu bakoitzak 1.500 eta 5.000 euro artean jaso ahal izango ditu, proposamenaren ezaugarrien eta izan dezakeen inpaktuaren arabera. Eskabideak aurkezteko epea urriaren 25ean amaituko da eta hautatuak diren proiektuak datorren urteko ekainaren 30a baino lehen gauzatu beharko dira.

Baldintzak

Egitasmoak, gutxienez hiru kide dituzten taldeen izenean egin beharko dira. Gainera, taldea osatzen duten kideen heren batek, gutxienez, Gipuzkoan erroldatuta egon beharko du. Deialdira aurkezten diren taldeek ezin izango dute izaera formalik izan, ez elkarte gisa, ez enpresa gisa, eta beren proposamenak Gipuzkoan gizarte- edo kultura-inpaktua sortzera bideratuta egon beharko du.

Proiektu motak

Laguntza horietara proiektu artistiko eta/edo kultural komunitarioak aurkez daitezke; ingurumena eta jasangarritasuna zaintzeko ekimenak; berrikuntza sozialeko proiektuak, bereziki genero-berdintasunarekin, euskararen sustapenarekin, kulturartekotasunarekin eta elkartasunarekin zerikusia duten gaietan.

Eremu horiez gain, gizartearentzako gizarte-intereseko arloak lantzen dituzten beste proiektu batzuk ere baloratuko dira.

Programaren bidez lortutako funtsak proiektua garatzeko beharrezkoak diren materialak, ekipoak edo azpiegiturak erosteko edo alokatzeko erabili ahal izango dira. Jarduerak gauzatzeko ezinbestekoak diren zerbitzu profesionalak kontratatzearekin lotutako gastuak ere ordainduko dira. Hala ere, talde sustatzaileko kideek ezin izango dute laguntzako dirurik jaso.

Dirulaguntza jasotzeko, taldeek proiektu xehatu bat aurkeztu beharko dute. Proiektu horretan, besteak beste, helburuak, justifikazioa, baliabide materialak, kronograma, gauzatzeko lekua eta ebaluazio-sistema jaso beharko dira. Gainera, aurrekontu bat, kide guztien NANaren fotokopiak, bizileku-ziurtagiriak eta zerga-betebeharrak betetzearen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

Eskaera-prozesuan zalantzak argitzeko edo orientazioa jasotzeko, arreta-telefono bat (900 110 111), WhatsApp zerbitzu bat (620 27 80 70) eta posta elektroniko bat (uimaz@gipuzkoa.eus) jarri dira.

Argibide gehiagorako:  www.gipuzkoa.eus/gazteak-auzolanean