Gazteak gero eta zoritxarrekoagoak dira

Tradizionalki, gazteria zoriontasunarekin lotu izan ohi da, baina Munduko Zoriontasunaren Txostenaren azken edizioak uste hori hankaz gora jarri du. Izan ere, pandemiaren ostean, 15 eta 25 urte bitarteko gazteak pertsona helduagoak baino zoritxarrekoagoak omen dira

Zoriontasuna, amodioarekin batera, gizakiok gehien desiratzen dugun emozioetako bat da eta, aldi berean, gutxien ulertzen dugun horietako bat. Izan ere, abstraktua dirudien arren, Munduko Zoriontasunaren Txostena gizakion zoriontasun-maila zehazten saiatzen da. 2024. urtean, oro har, Europako herrialdeak eta, bereziki, iparraldekoak, 140 herrialdetako zoriontasun- eta ongizate-mailak neurtzen dituen sailkapen horren buruan azaltzen dira. Oxford Unibertsitateko Ongizatearen inguruko Ikerketa Zentroak koordinatzen du txostena Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Konponbide Sarearekin batera.

Finlandia da, berriz ere, eta zazpigarren urtez jarraian, munduko herrialderik zoriontsuena. Sailkapenaren hurrengo postuetan Danimarka, Islandia, Suedia, Israel, Herbehereak, Norvegia, Luxenburgo, Suitza eta Australia daude. Espainia sailkapen horren 36. postuan aurkitzen da, aurreko txostenean baino lau postu beherago. Beherakada esanguratsuak izan dituzten beste herrialde batzuk Frantzia, Italia, Alemania eta AEB dira. Beherakada horiek kontrastatu egiten dute gorabidean dauden ekonomietako zoriontasun-mailen hazkundearekin, hala nola Serbiakoa edo Bulgariakoa. Txostenak adierazten du munduko eskualdeen eta azpieskualdeen artean zoriontasunaren pertzepzioa bateratzeko joera dagoela.

Gainera, lehenengoz, Munduko Zoriontasunaren Txostenak adinaren araberako datuak eskaintzen ditu. Datu berri horiek gazteek mundu mailan duten zoriontasun-mailaren eta belaunaldi zaharragoek dutenaren arteko dibergentzia erakusten dute.

Zoriontsuenak eta zoritxarrekoenak

Esan bezala, Europako iparraldeko estatuak dira nagusi herrialde zoriontsuenen sailkapenean. AEB eta Alemania sailkapen horren lehen 20 postuetatik kanpo geratu dira eta, haien ordez, Costa Rica eta Kuwait sartu dira.

Txostenak agerian utzi duenez, bada herrialdearen biztanleriaren tamainaren eta zoriontasun-mailaren arteko nolabaiteko harremana. Adibidez, lehen hamar postuetan sailkatuta dauden herrialdeetatik bakarrik Australiak eta Herbehereek dituzte 15 milioitik gorako populazioak, eta lehenengo 20en artean, Kanadak eta Erresuma Batuak soilik dituzte 30 milioitik gorako populazioak.

Zoriontasunaren sailkapen horretan Afganistan da azken postuan, 1,7 punturekin. Sailkapen horren azken 10 postuetan Afrikako herrialdeak dira nagusi eta Afganistan da multzo horretan den Asiako herrialde bakarra.

Txostenak utzi duen beste ondorio bitxi bat Europan gertatzen ari den konbergentzia da. Izan ere, eta nahiz eta sailkapenaren buruan, oraindik ere, Europako iparraldeko herrialdeak nagusi izan, azken urteetan, Europako mendebaldeko eta ekialdeko herrialdeen zoriontasun-mailak orekatzen ari dira. Kontuan izan behar da, historikoki zoriontasun-maila altuagoa izan dela mendebaldeko herrialde aberatsenetan. Zentzu horretan, Errusiaren aurkako gerran sartuta dagoen Ukraina da Europan zoriontasun-mailarik baxuena duen herrialdea, sailkapen orokorraren 105. postuan dagoelarik.

Belaunaldi arteko arrakala

Tradizionalki, gazteria zoriontasunarekin lotu izan ohi da eta zahartzaroa, aldiz, hain zoriontsua ez den bizitzako etapa gisa ulertu izan da. Baina txostenak ideia hori hankaz gora jartzen du, bereziki, mendebaldeko herrialdeetan. Ikertzaileek azaldu dutenez, mundu mailan, 15 eta 24 urte bitarteko gazteek helduek baino bizitzarekiko gogobetetze-maila altuagoa adierazten dute. Baina tarte hori gero eta txikiagoa da Europan eta Iparraldeko Amerikan. Izan ere, txostenak azpimarratzen duenez, 15-24  urte bitarteko gazteen kasuan, bizitzarekiko asebetetze-mailaren joera positiboa koronabirusaren pandemiarekin amaitu zen.

Europan erdialdeko eta ekialdeko herrialdeen eta mendebaldeko herrialdeen zoriontasun-mailen arteko konbergentzia gertatzen ari da, aurreko hamarkadetan mendebaldeko Europa nabarmen zoriontsuagoa zenean

Iparraldeko Amerikan beherakada nabarmena izan da eta, azken txostenaren arabera, 15-24 urte bitarteko gazteak jada pertsona helduak baino zoritxarrekoagoak dira. Europan ere, modu ez hain esanguratsuan bada ere, gazteen zoriontasun-maila jaitsi da. Ondorioz, AEB eta Europako herrialderik aberatsenak sailkapenaren lehen postuetatik desagertu dira.

Belaunaldiak alderatzerakoan, 1965. urtea baino lehen jaiotakoak (boomer-ak eta haien aurrekoak) dira, batez beste, 1980. urtetik aurrera jaiotako horiek baino zoriontsuagoak (millenial eta Z belaunaldia). Millenial delakoen artean, norberaren bizitzaren ebaluazioak behera egiten du urteak gora egin ahala; boomer-en artean, ostera, bizitzarekiko asebetetze-mailak gora egiten du adinarekin.

Lituania da 30 urtetik beherako haur eta gazte zoriontsuenen zerrendaburua, eta Danimarka, berriz, munduko naziorik zoriontsuena 60 urtetik gorakoentzat. Zoriontasun-mailak gora egin du adin guztietan Europako erdialdeko eta ekialdeko herrialdeetan eta, ondorioz, esan bezala, Europa osoko herrialdeetako gazteek antzeko zoriontasun-maila azaltzen dute.

“Adin ertainaren krisia”

Txostenean azpimarratzen denez, munduko zenbait herrialdetan “haurrak adin ertaineko krisi baten baliokidea jasaten ari dira”. 

Ziur asko, hainbat faktorek murrizten dute gazteen zoriontasun-maila, hala nola gero eta handiagoa den gizarte-polarizazioak, sare sozialen alderdi negatiboek eta etxebizitza bat lortzea iraganean baino zailagoa egiten duten desberdintasun ekonomikoak. Fenomeno hori agerikoagoa da Estatu Batuetan, baina ongizate-arrakala nahiko handia da Kanadan eta Japonian eta, neurri txikiago batean, Frantzian, Alemanian eta Erresuma Batuan.

Millenial-en artean norberaren bizitzaren inguruko gogobetetze-mailak behera egiten du adinak gora egin ahala eta boomer-en artean, ostera, kontrakoa gertatzen da

Duela lauzpabost hamarkada sobietar blokearen barruan ziren hainbat herrialdetan, berriz, ongizate-maila nabarmen hazi da. Mendebaldeko ohiko herrialde aberatsetan ez bezala, herrialde horietako gazteek helduek baino bizi-kalitate hobea dutela adierazten dute, hainbat kasutan, Mendebaldeko Europakoaren parekoa edo hobea. Eslovenia, Txekiar Errepublika eta Lituania munduko 20 herrialde zoriontsuenen artean sailkatzea, hein handi batean, bertan bizi diren gazteei esker da.

Nola neurtzen da zoriontasuna? 

Herrialde zoriontsuenen sailkapena egiteko, irribarreak edo poztasuna neurtu beharrean, egileek hainbat alderdi aztertzen dituzte, hala nola, osasun mentala, gizarte-elkartasuna edo gobernuen kalitatea. 

Txostenak Gallupen Munduko Inkestako 100 galderetako batean emandako erantzunak alderatzen ditu. Galdera hori honako hau da: “Zerotik hamarrerako eskala batean, non kokatuko zenuke zure bizitza (zero izanik ahalik eta bizitzarik txarrena eta hamar ahalik eta bizitzarik onena)?”. Erantzunek biztanleok gure bizitzarekiko dugun asebetetze-maila islatzen dute eta herrialde zoriontsuenen zerrenda osatzeko azken hiru urteetako erantzunen batez besteko bat egiten da.

Irribarreak edo poztasuna neurtu beharrean, txostenak hainbat alderdi aztertzen ditu, hala nola, osasun mentala, gizarte-elkartasuna edo gobernuen kalitatea

Datu horiek ekonomiako, psikologiako eta soziologiako adituek kontrastatzen dituzte, besteak beste, herrialdeen eta urteen arteko aldaketak azaltzen saiatzeko, hainbat faktore erabiliz, hala nola BPG, bizi-itxaropena, norbaitekin egoteko aukera, askatasun-sentsazioa, eskuzabaltasuna eta ustelkeriaren pertzepzioa. Horrela, zoriontasuna “iragartzen” duten faktore orokorrak identifikatu nahi dira.


Zergatik dira herrialde batzuk besteak baino zoriontsuagoak?

Zoriontasuna ez da berez gertatzen den zerbait eta gobernuek neurriak har ditzakete zoriontasuna sustatzeko. Izan ere, bizitzarekiko asebetetze-mailak zuzeneko harremana du gizartearen funtzionamendu egoki batekin. Zentzu horretan, osasun-laguntza, gizarte-segurantza edo lan merkatua funtsezko aldagaiak dira.

2013. urtean sailkapen honen lehen edizioa kaleratu zenetik, zoriontasunaren eta osasunaren neurketa zabalagoak bultzatzea helburu duen eta  Nazio Batuen irabazi-asmorik gabeko erakundea den Garapen Jasangarrirako Konponbide Sareko ikertzaileek, behin eta berriz erakutsi dute herrialde zoriontsuenek konfiantza-maila handiak dituztela eta erresilienteagoak direla krisi bat iristen denean. Eta horregatik, agian, Eskandinaviako herrialdeak izan dira beti sailkapen horren buruan. Norbaitek pentsa lezake zoriontsuak direla aberatsak, homogeneoak eta txikiak direlako. Baina gakoa beste nonbaiten dago.

Eskandinaviako herrialde guztiak nahiko aberatsak dira, baina antzeko aberastasuna duten herrialde guztiak ez dira zoriontasun-maila horretara iristen. Adibidez, Singapur munduko hirugarren herrialderik aberatsena da, baina zoriontasunaren sailkapenean 26. postuan dago. Saudi Arabia munduko herrialde aberatsenetako bat izanik postu bat beherago aurkitzen da zoriontasunari dagokionez.

Desparekotasunak

Iparraldeko herrialdeak ezagunak dira diru-sarreretan desparekotasun-maila txikia dutelako. Berez, ezaugarri horrek ez du zuzeneko harremanik zoriontasunarekin, baina bai alderantziz. Izan ere, desparekotasuna handia den herrialdeetan konfiantza maila baxuagoa da eta horrek zuzenean eragiten du bizitzarekiko den gogobetetze-mailan.

Kontrakoa pentsa badaiteke ere, ez dirudi zuzeneko harremana dagoenik biztanleriaren tamainaren eta bizitzarekiko den gogobetetze-mailaren artean. Bestalde, herrialde eskandinaviarrak ez dira guztiz homogeneoak. Finlandiako biztanleriaren % 8 inguru atzerritar jatorrikoa da eta Danimarkan % 7,5 inguru. Frantzia bezalako herrialde batekin alderatuta (% 10), aldeak ez dira hain esanguratsuak.

Herrialde horietan ia ez dago zoriontasun-desparekotasunik. Eta jendea zoriontsuago bizi da zoriontasun-desparekotasuna txikia denean. Ildo berean, zoriontasun-arrakala txikiagoa da herrialde zoriontsuetan. Gai honetan paradoxa bat ematen da; izan ere, Afganistanek oso zoriontasun-arrakala txikia du, baina kasu horretan inor ez delako zoriontsu.

Gobernu erakundeen kalitateak eta Estatuaren eskuzabaltasunak ere eragin positiboa dute. Pertsonak gusturago daude beren bizitzekin kalitate instituzionala duten herrialdeetan; hau da, kalitate demokratikoa eta kalitatezko zerbitzuak dauden herrialdeetan. Azken horrek lotura handia du herritarren zoriontasunarekin: erretiro pentsio egokiak, guraso-baimen eskuzabalak, gaixoentzako eta desgaituentzako laguntzak, doako osasuna eta hezkuntza, langabeziagatiko prestazio sendoak, etab. Ildo berean, kalitatezko gobernu-erakundeek desparekotasuna murrizten laguntzen dute eta horrek positiboki eragiten du herritarren zoriontasunean. 

Eta kalitatezko gobernu-erakundeak egotea biztanleriaren konfiantzarekin eta progresibotasun fiskalarekin ere lotuta dago (zerga-kopurua handitu ahala handitzen den zerga-tasa). Zerga progresiboek zoriontasunera garamatzate ondasun publiko eta komunen bitartez, hala nola arreta medikoa, hezkuntza eta garraio publikoa, zergek finantzatzen laguntzen baitute.

Hortaz, gizarte berdinzaleagoetan, pertsonek konfiantza handiagoa dute elkarren artean. Gizarte-konfiantzak erakunde hobeak eraikitzen laguntzen du. Eta pertsonak askoz zoriontsuagoak dira jendeak bizkarra zainduko dien ingurune batean daudela sentitzen badute.