La Kolasak, Tafallako Gazte Etxeak, ikasturte honetan Gazte Informazioko Korrespontsalen programan aritu diren 13 eta 17 urteko gazteak hartu ditu. Aurtengo ediziorako hautatuak izan diren 37 gazteak Nafarroako 16 hezkuntza zentrotan arituko dira gazteei interesekoa zaien informazioa eskuragarri jartzeko.
La Kolasan egindako topaketan, korrespontsal gazteek esperientziak eta zalantzak partekatzeko aukera izan dute NGIko zuzendariorde Carlos Amatriain eta programan parte hartzen ari diren udalerrietako gazteria teknikari eta zinegotziekin batera.
Gazteentzako informazioa
Gazte Informazioko Korrespontsalen programaren xedea da gazteentzat garrantzitsuak edo interesekoak izan daitezkeen gaien inguruko informazioa gazteen esku jartzea. Gai horien artean daude, adibidez, bekak, formakuntza, enplegua, sexu-hezkuntza, boluntariotza… Sarritan, gai horien inguruko informazioa ez da gazteengana heltzen eta, horregatik, programak informazio hori gero eta eskuragarriagoa izatea lortu nahi du.
Horrez gain, gazteei eskaintzen zaien informazioa kalitatezkoa eta benetakoa izatea ere lortu nahi da, gero eta ohikoagoak diren amen-omenei aurre egiteko.
Korrespontsaliak parte hartzen duten ikastetxeek hautatutako gazte-bikoteek egiten dituzte, eta berdinen artean informazioa transmititzeko metodologia zehatz bat jarraitu beharko dute. Korrespontsal gazteen lana informazioa biltzea eta sortzea izango da eta, ondoren, bere ingurunean partekatzea. Horretarako, nagusiki, sare sozialak erabiliko dituzte, baina baita beste kanal batzuk ere.
Bigarren edizioa
Abian jarri den hau programaren bigarren edizioa da. Lehenengo edizioan, sei izan ziren parte hartu zuten udalerriak: Aranguren, Lizarra, Tafalla, San Adrián eta Eguesibar. Bigarren edizioan, berriz, lehen edizioan parte hartu zuten udalerriei beste sei gehitu zaizkie: Burlata, Castejón, Atarrabia, Peralta eta Zizur Nagusia. Modu horretan, programak Nafarroan bizi diren gazte gehiagorengana iristeko aukera izango du.