Gazteek lehen sektorean ere lan egiten dute

GazteNek programari esker Gipuzkoako 14 gazte nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenetan hasiko dira lanean

Gipuzkoako 14 gazte nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenetan hasiko dira lanean GazteNek programari esker. Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru Foru Aldundiek lankidetzan garatzen duten programa horren xedea da lehen sektorean belaunaldien arteko erreleboa bermatzea, funtsezkoa den sektore horren jarduera bultzatzeko eta horren jarraipena errazteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak 611.831 euro bideratu ditu aurten ekimen horretara.

Gipuzkoako 14 gazte onuradunek, laguntza ekonomikoaz gain, laguntza teknikoa ere jasoko dute bost urtez, beren lehen sektoreko enpresa-proiektuak garatzeko eta ezartzeko. Parte-hartzaileak, 28 eta 40 urte bitartekoak, Aia, Aizarnazabal, Andoain, Aretxabaleta, Berrobi, Bidania-Goiatz, Errezil, Getaria, Idiazabal, Orio eta Zeraindik datoz.

Aurten aurkeztutako proiektuen artean, frutikultura eta haragitarako behien hazkuntza nabarmentzen dira. Esne-behien abeltzaintza, gazta ekoizteko ardien hazkuntza eta arrautzak ekoizteko hegaztien hazkuntza ardatz dituzten ekimenak ere badira. Proiektuetako sei elikagaien ekoizpen ekologikora bideratuta daude.

2005ean hasitako GazteNek programak aukera eman du 343 baserritar baino gehiago trebatzeko eta nekazaritza eta abeltzaintzako proiektuak abian jartzeko. Horietatik, 197k familia-ustiategiaren kudeaketa beren gain hartu dute, eta 123k beren proiektu profesionalei ekin diete. Gaur egun, ekimen horien % 90ek lanean jarraitzen dute.