Mende honen hasieran, 2000. urtean, poloniar-britainiar soziologo eta filosofo Zygmund Bauman-ek liquid love (maitasun likidoa) esamoldea asmatu zuen. Horren bidez, garai horretan nagusitzen ari zen harremanen hauskortasuna islatu nahi zuen. Elkarrekiko konpromisoa ez zen garrantzitsuena bikote harremanetan. Sare sozialen gorakadarekin joera hori behin betiko nagusitu behar zela zirudien, noizbehinkako harremanak erraztu zituztelako.
Hala ere, badirudi pandemiak harremanak ulertzeko modua aldatu duela. Orain, maitemintze prozesuaz gozatu nahi da, ez dago presarik. Horrela, bikotekide bila direnen artean, % 79k dio ez dituela noizbehinkako harremanak nahi eta nahiago dutela benetako amodioa aurkitzea. Hori da, hain zuzen ere Adoptek (duela gutxi arte Adopta un Tío izenarekin ezagutzen zena) berriki kaleratu duen “Estudio de las tendencias en las relaciones amorosas post-pandemia entre jóvenes españoles” azterlanaren ondorio nagusietako bat.
Ligatzeko aplikazioetan izena ematen dutenen artean, % 65ek bikotekide egonkorra aurkitu nahi dute. Horrelako aplikazioak erabiltzen dituztenen artean bi heren inguruk uste du tresna horien bidez posible dela benetako amodioa aurkitzea.
Inkesta horren arabera, ‘konkista’ teknikak aldatu dira. Izan ere, gero eta gehiago omen dira benetako amodioaren bila diren pertsonak. ‘Liquid love’ joeratik ‘slow love’ joerara pasatzen ari ei gara. Aipatu ikerketaren arabera, ligatzeko aplikazioetan izena ematen dutenen artean, % 65ek bikotekide egonkorra aurkitu nahi dute. Horrelako aplikazioak erabiltzen dituztenen artean bi heren inguruk uste du tresna horien bidez posible dela benetako amodioa aurkitzea.
Era berean, gazteen % 89k aitortzen du faltan botatzen duela erromantizismoa eta nahiago duela aurreko harreman-eredua non bikotekidearen bihotza lortzeko askoz lan handiagoa egin behar zen.
Bada gorputza baino zerbait gehiago bilatzen dela erakusten duen adibide bat: bikotea bilatzen ari diren gazteen erdiak baino gehiagok (% 57) dio deskribapena profileko argazkia baino garrantzitsuagoa dela. Eta ia erdiek (% 45) adierazi dute pertsona baten nortasuna ezagutu ahal dela horrelako aplikazio baten bidez.