Martxoan zehar Nafarroako Gobernuak alkoholaren kontsumoaren inguruan kontzientziako kanpaina bat garatzen ari da. Kanpaina hori, 2017. urteaz geroztik egiten den ‘Ohi dena edatea gehiegi izan daiteke’ kanpainaren jarraipena da eta, aurten, ‘Osasunez?’ leloa ere gehitu zaio. Kanpainaren xedea da gazterian eta bizitzaren bestelako etapetan egiten den alkoholaren kontsumoaren inguruan hausnartzea.
Kanpainak barne hartzen ditu iragarkiak komunikabideetan, kartelak osasun-zentroetan, ospitaleetan eta beste leku publiko batzuetan, bai eta sare sozialetan ere, #BeberLoNormal traolarekin. Mezuak adin-talde desberdinetara egokituta daude: nerabeetatik hasi eta helduetaraino, osasunean alkohola kontsumitzeak dakartzan arriskuak azpimarratuz. Horrez gain, kanpainarako bereziki prestatutako webgunean alkoholaren kontsumoa normaltzat hartzeko modua aldatzea bilatzen duen informazioa eskaintzen da. Bertan, nerabeei eta heldu gazteei zuzendutako bideoak biltzen dira, ondorioak esperimentatu ondoren alkoholarekin topa egitea zalantzan jartzen dutenak. Gainera, alkoholaren kontsumoarekin lotutako arriskuak identifikatzeko baliabideak ere eskaintzen ditu.
Kontsumoa gazteen artean
2023ko ESTUDES Drogen eta Adikzioen Plan Nazionalaren datuen arabera, 14-18 urteko gazteen % 39,3k alkohol-kontsumo intentsiboa izan du azken 30 egunetan. Zehazki, emakumeen artean ehunekoa % 41,7 da eta gizonen artean % 36,9. Eguneroko alkohol-kontsumoari dagokionez, 15-64 urteko biztanleria osoa aintzat hartzen bada, alkoholaren kontsumoa ia sei aldiz handiagoa da gizonezkoetan emakumezkoetan baino (% 18,4 eta % 3,2, hurrenez hurren).
Datuek nerabeen eta helduen kontsumo-eredu desberdinak erakusten dituzte. Lehenengoen artean mozkorraldiak eta kontsumo intentsiboa nagusitzen diren bitartean, bigarrenen artean ohikoagoa da eguneroko kontsumoa.
ESTUDES eta EDADES Drogen eta Adikzioen Plan Nazionalaren inkesten arabera, 15 eta 34 urte bitarteko gazteen % 53 mozkortu egin da azken 12 hilabeteetan, eta 35 eta 64 urte bitarteko helduen % 15,2 bakarrik mozkortu da. Bestalde, alkoholaren eguneroko kontsumoa handiagoa da 35-64 urtekoen artean (% 14,2) 15-34 urtekoen artean baino (% 4,1).