Gazteen emantzipazioari buruzko tailerrak Bilbon

Hiru egunez GAZ Bilbaok eta EGKak antolatutako tailerrak izango dira gazteei emantzipatzeko laguntzei eta ereduei buruzko informazioa emateko

GAZ Bilbaok eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak antolatuta, urriaren 2tik 4ra bitartean, gazteen emantzipazioari buruzko tailer batzuk izango dira la Perrera eraikinean. Tailer horietan, gazteek eskura dituzten laguntzei eta emantzipazio-ereduei buruzko informazioa eskuratzeko aukera izango dute. Gainera, aipatu tailer horiez gain, Bilbon zehar gai honen inguruko informazio-kanpaina dibertigarri bat egingo da.

Hiru tailer

Lehenengo jarduera, urriaren 2an, “Anima zaitez galdetzera!” izenekoa izango da. Bertan, gazteek aukeran dituzten etxebizitza-zerbitzu publikoen berri jasoko dute zuzenean Alokabide, Bilboko Udal Etxebizitzak, Surbisa, Etxebide eta GAZ Bilbaoko ordezkarien eskutik.

Urriaren 3an, gazteen emantzipazio-datuei buruzko eztabaida parte-hartzailea egingo da. Eztabaida saio horretan Euskadiko gazteriaren Kontseiluko kideak izango dira eta, ondoren, ESN erakundeak etxebizitza-ereduen berri emango du.

Urriaren 4an, giza-liburutegi bat egingo da. Dinamika horretan hainbat etxebizitza-esperientzia azalduko dira, besteak beste, Gaztelagun, Bilboko Udal Etxebizitzak, Emantzipa, Gazte Solidarioen Programa, PisuBila, Kuvu…

Tailer hauek sarrera librekoak dira eta 18:00etatik 20:00etara izango dira. Gainera, azarotik aurrera, GAZ Bilbaok, Bizkaiko Abokatuen Elkargoarekin lankidetzan, lege-aholkularitzako zerbitzu bat jarriko du martxan La Perreran bertan. Zerbitzu horrek hainbat gai jorratuko ditu, hala nola gizarte-segurantza, etxebizitzaren erosketa edo alokairua eta emantzipazio-prozesuarekin lotutako beste zenbait lege-alderdi. Saioak zuzenbideko profesional espezializatuek zuzenduko dituzte.

Gazteen emantzipazioari buruzko informazio-kanpaina

Urriaren 7an komunikazio kanpaina berri bat hasiko da, bi astez luzatuko dena. Ekimen horrek karpa ibiltari bat izango du Bilboko bost gune estrategikotan, eta gazteek etxebizitzarekin, enpleguarekin, prestakuntzarekin eta mugikortasunarekin lotutako gaiei buruzko ausazko galdera-joko batean parte hartu ahal izango dute. Galderak zuzen erantzuten dituztenek sariak irabazteko aukera izango dute. Karpa hiriko hainbat puntutan egongo da urriaren 7tik 18ra bitartean, 9:00etatik 14:00etara.

  • Urriak 7 eta 14: Pedro Arruperen pasabidearen amaieran, EHUko eta Deustuko Unibertsitateko liburutegien aurrean.
  • Urriak 8 eta 15: Intermodalaren plazan.
  • Urriak 9 eta 16: Sarrikoko Unibertsitateko sarreran.
  • Urriak 10 eta 17: Bailén kalean.
  • Urriak 11 eta 18: Azkuna Zentroaren sarrera nagusian.

GAZ Bilbao Bilboko Udalaren zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailarekin lankidetzan, 16 eta 35 urte bitarteko gazteei arreta ematen die emantzipazio-prozesuetan aholku emateko. Zerbitzu hori ez da soilik etxebizitzari buruzkoa, enpleguari, prestakuntzari, nazioarteko mugikortasunari eta ekintzailetzari buruzkoa ere bada.
Ikasturte berriarekin batera, GAZ Bilbao ikastetxeetara hurbilduko da, batxilergoko eta erdi-mailako eta goi-mailako LHko ikasleei zuzenean jakinarazteko zer gai interesgarri dituzten bekekin eta nazioarteko mugikortasunarekin, gazteen enplegua sustatzeko programekin edo ekintzailetzarako laguntzekin lotuta.

2023ko lehen seihilekoan, GAZ Bilbaok 1.000 kontsulta baino gehiago artatu zituen, gehienak etxebizitzarekin eta emantzipazio-laguntzekin lotutakoak. Kontsulten erdia baino gehiago (% 54) 25 eta 29 urte bitarteko emakumeek egin zituzten, eta, ondoren, 19 eta 24 urte bitarteko gazteek.

Gainera, GAZ Bilbaok hainbat ikastaro eta jarduera eskaintzen ditu, besteak beste, etxeko konponketarako tailerrak, Erasmus+ programaren ikasleentzako ingeleseko praktikak eta estresa kudeatzeko teknikak. Aurtengo lehen seihilekoan, 34 jarduera antolatu dira eta horietan guztietan 582 gaztek parte hartu dute.