Ah, Gabonak! Urteko une hori, argiez, turroiez eta… mahai inguruko iruzkin deserosoz betea. Izan ere, kontsomeaz gain, gazteok eskatu ez dugun galdera sorta jaso ohi dugu: “Bikotekiderik al duzu?”, “Noiz ezkonduko zara?“, “Eta lana? Oraindik aldi baterakoa al da?”. Hori guztia, eskatu gabeko aholkuekin onduta, esperientziaren unibertsitateak babestutako bizi-lezioak dirudite.
Gabonetako jatorduak, gozamenerako eta berriz elkartzeko espazio izan beharko liratekeenak, askotan nortasun-test moduko bat bilakatzen dira. Eta ez dugu inoiz erantzun egokia ematen. Izan ere, berdin dio bikotekiderik ez duzula, ezkontzeko asmorik ez duzula edota kontratua abenduaren 31n amaitzen zaizula erantzuteak: beti egongo da “Beno… etorriko zaizu noizbait” batekin amaitzen den eztabaida. Eta horrela, zure bizitzaren gaineko tirabira jatorduaren plater izarra bihurtzen da.
Isilaraziak
Bitxia da, gazteok normalean gauza interesgarriak ditugula esateko. Politikaz, etorkizunaz, gure bizitzan arrastoa utzi duten filmez (bai, Shrek erreferentzia kultural bat da, eta azken muturreraino defendatuko dugu). Baina, askotan gure ahotsa isilarazten eta mespretxatzen da, “Nire garaian…” esaldiekin hasten diren diskurtsoen artean. Spoiler bat: zure garaian ez zegoen TikTok-ik ezta alokairu ezinezkorik ere, izeko Amagoia!!
Hori dela eta, aurten dinamika aldatzea proposatzen dut. Zer iruditzen, galdera tranpak bota beharrean, elkarri entzuten saiatzea? Agian, ohartuko gara meme-ekin komunikatzen den belaunaldi bat baino gehiago garela; ideia, kezka eta amets ugari ditugula.
Eta kontua ez da belaunaldien arteko tentsioak mirariaz desagertzea. Baina, akaso, Gabonak aukera paregabea dira beti denon artean zubiak eraikitzeko. Denok dugu zerbait elkarri irakasteko: aiton-amonek jakinduriaz eta pazientziaz, helduek bizitzako ikasketa praktikoekin eta gazteok etorkizunerako ikuspegiarekin, teknologia berriak barne hartuz.
Benetan entzuten badugu, desberdintasunak elkarrengandik gehiago ikasteko aukera bihur daitezke. Elkar onartuz eta elkarrizketa osasuntsuak izanez, agian Gabonetako otorduak eztabaidagai izateari utziko diote eta bihotza goxatzeko une bihurtuko dira.
Beraz, aurten, galdeketarik gabeko, tentsiorik gabeko eta, batez ere, komentario pasibo-agresiborik gabeko jaiak izan ditzagun Gabonetan. Aurreiritziak alde batera uztea benetako magia baita: elkarrekin egotea, entzutea eta ulertzea, hain zuzen.
Eta norbaitek galdetzen badu “Noizko bikotea?”, badakizue: umorez erantzun, topa egin, eta gogoratu garrantzitsuena elkarrekin egotea dela… kontsomea hotz geratzen bada ere.