GazteFilm Fest jaialdiaren VI. edizioa

Haurrentzako zinema-jaialdia Gasteizen izango da azaroaren 18tik 27ra bitartean eta abenduan Arabako hainbat herri ere bisitatuko ditu.

GazteFilm Fest-en, haurrentzako eta gazteentzako zinemaldiaren seigarren edizioa azaroaren 18tik 27ra bitartean egingo da. Aurtengo edizioak  gazteentzako programazio zabala izango du: 40 bat jarduera eskainiko ditu proiekzio, tailer eta kontzertuen artean. Aurtengo berrikuntza gisa, jaialdiaren bi asteburuak batez ere 12 urtetik beherakoen adin-tarteari zuzenduko zaizkio.

Proiekzioak Zabalganako eta Salburuako gizarte etxeetan eta Artium Museoan izango dira. Lehiaketak eskoletako saio berezietara joateko aukera ere ematen die Gasteizko ikastetxeei, eta bertan ikasleek jaialdiaren lehia-atalaz gozatu ahal izango dute.

Sailak

3 urte baino gehiagoko umeei zuzendutako Txiki sailak programazio-apustu berri bat izango du aurten: ‘Atzera Begira’. Horren bidez, txikienek egokia den latitude guztietako artxiboko zinemara hurbiltzeko aukera izango dute.

Haurrentzako sail ofizialak bi programazio-tarte ditu, bata 6 urtetik gorakoentzat eta bestea 9 urtetik gorakoentzat. Guztira, 4 film luze aurkeztuko dira: bost Annie Awards saritarako izendatua izan den Mamoru Hosoden ‘Belle’ animaziozko film japoniarra; jasangarritasuna eta animalien errespetua jorratzen dituen Mascha Halberstaden ‘Kurrin’ filma; adiskidetasunean eta elkartasunean sakontzen duen Anthony Rouxen eta Jean-Jacques Denisen ‘Princesse Dragon’; eta, azkenik, iazko Annie Awardsen ‘Animaziozko film independente onenaren’ saria irabazi zuen Tom Moore eta Ross Stewart irlandarren ‘Wolfwalkers’ filma.

Haurrentzako sail ofiziala hiru film laburrekin osatuko da: ‘Azpimundua’, ‘Babesleku’ eta, amaitzeko, mundu osoko neska-mutilen lana erakusteko erakusketa berezi bat, ‘Umeek egindako zinema’.

Lehiaketatik kanpo horrelako lanak ezagutzera emateko beste hiru film aukeratu dira: Alexis Moranteren ‘El universo de Óliver’; bakardadearen eta emozioen kudeaketaren inguruan hitz egiten duen Hugo de Faucompret frantziarraren ‘Mamá es Pura Lluvia’; eta, Jan Bubenicek y Denisa Grimmová txekiarren ‘Arratoiak eta Azeriak. Beste mundu bateko adiskidetasuna’.

Filmin

Gainera, laugarren urtez jarraian, GazteFilm Festen programazioaren zati bat online egongo da eskuragarri Filmin plataforman, abenduaren 2tik 9ra. Horrez gain, abenduan zehar zinema-jaialdian parte hartu duten hainbat lan Arabako zenbait herritan ikusi ahal izango dira. Agurain, Laudio eta Zigoitiaz aparte, Oiongo Bitartean Jolasean elkartearekin den lankidetzari esker, GazteFilm Fest Arabako Errioxako bost herritara iritsiko da.

Emanaldietarako sarrerek 3,50 euroko prezioa izango dute eta webgunean edo 30 minutu lehenago erosi ahal izango dira proiekzio bakoitzaren egoitzan.

GazteFilm Fest Zinhezbak eta Kalakalabek antolatzen dute, eta Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Vital Fundazioaren babesa du.