Iritsi da agenda publikoan gazteei lehentasuna emateko unea. Katebegi ahulenaren indarra, gazteria, izango da Euskadiren etorkizuna markatuko duena eta, horregatik, iritsi da garaia gure gizartea indartuko duten politika publikoak aitortzeko.
Gazteen emantzipazioan laguntzeko 2030 Euskal Estrategia eta, 2022ko martxoaren 10ean, Eusko Alderdi Jeltzalearen, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen botoekin onartutako Gazteriaren Legea mugarri handiak dira Euskadiko pertsona gazte guztien eskubideak babesteko.
Emantzipazio-estrategiak aurre egiten dio Euskadik gazteria-arloan duen erronka historikoari. Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik uste dugu estrategia horren bidez gazteen eskubideak bermatzen ari direla, agenda politiko eta publikoaren erdigunean egongo garela ziurtatuz, gure herrialdearen eraldaketaren parte aktiboa izanik.
Emantzipazio-estrategiak hamar trakzio-proiektutan antolatzen du bere jarduera-plana, gazteen emantzipazio-ibilbideetan garrantzi berezia duten bost eremutan: enplegua, etxebizitza, errenta, kohesioa eta erresilientzia.
Gazteen Emantzipazioa Bultzatzeko 2030erako Euskal Estrategiaren barruan, Eusko Jaurlaritzak 2023ko martxoaren 21ean onartu zuen ‘Gazteok Atrebentziaz’ ituna jasotzen da. Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik aukera izan genuen, estrategia hasi zenetik, ideiak eta ekarpenak aurkezteko, eta gaur egun esan dezakegu gure ekarpenak islatuta ikus daitezkeela bertan.
Emantzipazio Estrategiaren X. Proiektu Eragilean, Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen aldeko ituna bultzatzen hasi gara Eusko Jaurlaritzarekin batera, hain zuzen ere, “Gazteok, atrebentziaz! Euskadiko gazteen aldeko ituna, gazteekin eta gazteentzat” izenarekin ezagutzen den ituna.
Aipatu ituna belaunaldien arteko ekitatean ardazten da, eta gazteek lidergo argia eta beharrezko parte-hartzea izatea eskatzen du.
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan funtsezkoa ikusten dugu gazteek politika publikoen diseinuan parte hartzea, azken finean, politika horiek gure emantzipazio-prozesuetan eragina izango dutelako. Esate baterako, itun berriak aukera emango digu gazteok ditugun kezka eta beharrei erantzungo dieten adostasunak lortzeko.
Helburu horiek lortzea ez da belaunaldi gazteenei bakarrik mesede egiten dien zerbait, aitzitik, gure ongizate-estatuaren iraunkortasuna eta elkartasuna bermatzen lagunduko digu Euskadiko herritar guztiei mesede eginez.