Egoera bat berria ez izateak ez du esan nahi sozialki onartua dagoenik edo egon behar duenik. Horixe da gazteok pairatzen dugun prekarietatearekin gertatzen dena. Eta ados ez gaudenez gero, azken urtean enplegu eta etxebizitza lan-arloetako Emantzipa… Zer? lantaldetik #LanEgokia kanpaina egin dugu gazteon iritzia biltzeko, lanpostu bati zer eskatzen diogun nabarmentzeko, arazoak identifikatzeko eta proposamenak garatzeko.
Sarritan, gazteon enplegu egoera langabezia-tasarekin soilik batzen da, nahiz eta askoz ere sakonagoa izan. Eta okerragoa. 2008ko krisi ekonomikoaren ondorioz gazteoi bizitza proiektu bat sortzea zaila egiten zaigu. Gazteen gehiengoa egoera prekarioan egon da. Horrela, langabezia-tasa jaitsi zen arren, sortutako enplegu askoren errealitatea aztertu beharko litzateke. Zergatik? Gazteen Euskal Behatokiko 2018ko datuei erreparatuz gero, ikus daitekeelako gazteen batez besteko soldata 1.164€koa dela. Gainera, % 30,3 jardunaldi partzialean dago eta behin-behinekotasun tasa % 68,1koa da. Hori guztia gutxi balitz, kontuan izan behar da emakume gazteen kasuan errealitatea are larriagoa dela.
Aurretik genuen egoeraz gain, COVID-19ak egoera are ezegonkorragoa ekarri du. Gazte asko ABEEan egon dira, beste asko kaleratu dituzte eta, horrek, eragin zuzena izan du haien bizitza proiektuan. Erantzuna ematea ezinbestekoa da, epe motzera bideratutako neurriez gain, epe ertain eta luzera ere egoera estrukturalki hobetzeko. Bestela, 2008an gertatu bezala, proposatutako irtenbideen bitartez akats bera sortu eta arazo berberak pairatuko ditugu. Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) lan egokiak sortze eta sustatze aldera ondorengo proposamenak landu eta aurkeztu nahi ditugu:
- Lehenik eta behin, administrazioei lan egonkorrak eta horien kalitatea sustatzea eskatzen diegu. Horretarako, garrantzitsua da beka eta praktika formulen erabilera okerrarekin bukatzea. Hau da, ez erabiltzea lanpostuak betetzeko. Era horretara, lanpostu merkeak sortu beharrean, formula horiek formakuntza prozesuetan geratuko lirateke. Aldi berean, iruzurreko baldintzatan dauden enpleguak ekiditeko garrantzitsua da ikuskaritza areagotzea eta kalitatezkoa izan dadila bermatzeko baliabide gehiago bideratzea. Gainera, salaketak egiteko mekanismoak hobetzea ezinbestekoa da gazteok aske adierazi ahal izateko eta beldurra ez izateko.
- Bestetik, ezinbestekoa da emakume eta gizon gazteen arteko berdintasun erreala sustatzea. Horretarako, funtsezkoa da lan munduan berdintasun-planak sustatzea eta horiek paper hutsean edo bulego bateko armairu batean amaituko ez dutela bermatzeko neurriak hartzea. Gainera, gaur egun, jatorriagatik, identitateagatik edo adinagatik lan diskriminazioa errealitate bat izaten dirau. Horregatik, egoerari aurre egiteko eta horrekin bukatzeko oso garrantzitsua da administrazioak, enpresak eta hainbat gizarte eragile elkarlanean aritzea eta ezarritako neurriak betetzen ez diren kasuetarako isun gogorrak ezartzea.
- Era berean, gazteok pairatzen dugun prekarietatea iraultzeko eta eskaintzen zaizkigun lanpostuak egokiak izan daitezen ahalik eta informazio eguneratuena izatea funtsezkoa da. Horrela neurriak benetan eraginkorrak izango dira. Izan ere, langabezia datu bat besterik ez da, maiz eguneratzen dena, nahiz eta kasu horretan ere hobekuntzak eman daitezkeen, besteak beste, lurraldeka, generoka edo adin-tarteka bananduz. Emandako garrantzia horrek ezin du adierazi kopurua denik helburu bakarra, lanpostuen kalitatea ere bermatu behar baita. Eta horretarako batez besteko soldata, aldi-baterakortasuna, lanaldi partziala, gainkualifikazioa, kontratu gabe daudenen ehunekoa edo soldata arrakala azaltzen dituzten datu eguneratuak ere behar ditugu.
- Manifestuan jasotako beste proposamenen artean, gutxieneko soldata duinaren eskaera egiten da. Kalitatezko bizitza proiektu bat garatzeko aukerak egon behar dira eta horretarako soldata duinak jasotzea ezinbestekoa da. Ezin dugu ahaztu, gazteon eta gizartearen arteko soldata arrakala ematen dela eta horrekin bukatu behar dela. Gaur egungo soldata minimoa ez da nahikoa bizitza proiektu bat aurrera eramateko, hori izanik gazteen prekarietaterako arrazoietako bat.
Azken finean, bizitza proiektu batean hainbat faktorek dute eragina eta etorkizunera begira, gizarte duin bat sortu nahi badugu ezinbestekoa da orain dauden arazo edo kezkak berriztea. 2008ko krisitik ikas dezakegu. Gainerakoan gizarte osoak pairatuko ditu kalteak. Bigarrena bai da ziurra.
Maialen Olabe
EGKko presidentea