Pasa den azaroaren 25ean Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatu zen. Hori dela eta, gai horren inguruko hainbat azterlanen berri eman dute hainbat erakundek. Oro har, azken urteetan gai horren inguruan aurrerapauso garrantzitsuak eman diren arren, oraindik ere, kezkarako hainbat datu daude, bereziki, gazteen artean.
Horietako bat, Nerabetasun eta Gazteriarentzako FADen Reina Sofia Zentroak burututako ProyectoScopioren Barometro 2017. Aipatu ikerketa horren arabera, genero-indarkeria arazo sozial oso larria da gazteriaren % 87rentzat. Gainera, lau gaztetatik hiruk emakumeek lan munduan askoz ere aukera gutxiago dituztela uste du.
Diskriminazioaren inguruan, gazteek generoaz gain beste zenbait faktore ere badirela azaltzen dute, adibidez: sexu-orientazioa (% 47,9), jatorri etnikoa (% 45,1), itxura fisikoa (% 38) edo nazionalitatea (% 29,3).
Dena den, ikerketa horrek kezkarako zenbait datu utzi ditu. Horrela, gazteen % 27,4k bikotearen barruan normaltzat jotzen du genero-indarkeria. Gazte askoren ustez (% 31,5), gainera, genero-indarkeriaren arazoa etorkinak direla eta larritu da eta % 22,2ren ustez, berriz, politizatuegia eta neurriz gainekoa den arazoa da. Azkenik, gazteen % 7k genero-indarkeria ezinbestekoa den arazoa dela uste du.
Gure artean, berriz, Gazteriaren Euskal Behatokiak ere euskal gazteek genero-indarkeriaren inguruan dituzten iritziak jaso ditu. Bereziki, Gazteriaren Euskal Behatokiak esplizituak diren indarkeriatan zentratu du bere azterlana: iraintzea, gutxiestea, mehatxatzea, eraso fisikoak, mehatxuak, bortxaketak… Aipatu indarkeria mota horiek, oraindik ere, oso larriak izaten jarraitzen badute ere, azken hogei urteetan aurrerapauso nabarmenak izan direla azpimarratu behar da. Horrela, egungo datuak 1997an Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egin zuen “tratu txarrak bikote barruan” txosteneko datuekin alderatzen baditugu, gai horren inguruko iritziek joera positiboa izan dutela azpimarratu behar da.
Adibidez, 1997an euskal gazteriaren % 82k oso larritzat jotzen zuen bikotekidea sexu-harremanak izatera behartzea eta, orain, berriz, kopuru hori % 97raino igo da. Etxetik irtetea debekatzea oso larritzat jotzen zuten gazteak, 1997an, % 46 ziren eta orain, aldiz, % 91ra igo da. Joera hori konfirmatzen duen beste datu bat: mehatxatzea oso larritzat jotzen zuten gazteen kopurua % 51tik % 91ra pasatu da azken 20 urteetan.
Baina, joerak ez ezik, datu errealak ere badira. Urte honen hasieran ezagutzera eman ziren datuen arabera (2015. urteko datuak), EAEko 15 eta 29 urte bitarteko 1.045 emakumek salaketak jarri zituzten emakumeen aurkako indarkeria-kasuengatik. Kasu gehienetan (% 73,6) erasotzailea bikotekide edo bikotekide ohia izan zen.
Datua kezkagarria da benetan baina, hala ere, 2014an jasotako datuarekin alderatzen badugu, gazteen arteko emakumeen kontrako indarkeria-kasuak jaitsi egin direla azpimarratu behar da. Horrela, 2014 eta 2015 urteen artean % 4,5eko murrizketa egon da bikotekideak edo bikotekide ohiak egindako indarkeriaren salaketa kopuruan; sexu-askatasunaren aurkako indarkerian murrizketa handiagoa gertatu da (% 10,5). Ostera, familia barruan gertatutako indarkeriak, bikotea edo bikotekidea kenduta, gora egin du % 1,8.