Gehiegizko tenperaturek ia 400 heriotza eragin zituzten Gipuzkoan 2015-2023 aldian

Txosten batek agerian utzi duenez Gipuzkoa eta bertako hiri-eremuak gero eta ahulagoak dira berotze globalaren eta horrek osasun publikoan dituen ondorioen aurrean

Naturklimak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasuna Departamentuak egindako “Klima-aldaketaren inpaktua eta harekiko kalteberatasuna Gipuzkoan”txostenaren arabera, 2015etik 2023ra bitartean, 398 heriotza izan ziren Gipuzkoan gehiegizko tenperaturaren ondorioz. Azterketa horrek nabarmentzen du hildako pertsonen % 96 inguru 65 urtetik gorakoen taldekoak zirela. Datu horiek baieztatzen dute adineneko pertsonak ahulagoak direla tenperatura altuen aurrean.

2023. urtea Gipuzkoan inoiz erregistratu den bigarren urterik beroena izan zen. Urte horretan, batez besteko tenperatura 14,2 °C-ekoa izan zen, hots, azken 30 urteetako bataz bestekoa baino 0,67 °C altuagoa. 2022. urtea, berriz, Gipuzkoan inoiz erregistratu den urterik beroena izan zen. Tenperaturaren igoera hori, gainera, ez da lehorrean bakarrik ikusi. Bizkaiko Golkoko urak ere berotzen ari dira. Erregistratutako datuen arabera, gure kostaldeko uraren tenperatura 0,20 °C eta 0,26 °C arteko erritmoan igo da hamarkada bakoitzeko.

Txostenak azpimarratzen duenez, 2023ko urteko prezipitazioak parametro normalen barruan mantendu dira. Hala ere, 1981-2010 aldiko batez bestekoarekin alderatuta, prezipitazioak % 4,1 jaitsi direla ikus daiteke. Jaitsiera txiki hori klima-patroien aldaketei gehitu behar zaie. Izan ere, aldaketa horiek eragina dute ingurune naturalean, giza jardueretan eta tokiko ekonomian.

Arrisku handiagoa hirietan

Donostia, Irun eta Arrasate dira tenperaturak gora egiteko arrisku handiena duten eremuak, hiri-dentsitate handia, berdegune gutxi eta lurzoruaren artifizializazioa direla eta. Faktore horiek areagotu egiten dute tenperatura altuek biztanleen osasunean duten eragina. Aldiz, lurraldeko landa-eremuek kalteberatasun txikiagoa dute, berotze globalaren ondorioak arintzen laguntzen duten eremu natural gehiago daudelako.

Osasun publikoari dagokionez, txostenak klima-aldaketarekin lotutako arriskuei buruz ohartarazten du. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 2030etik 2050era bitartean, klima-aldaketak 250.000 heriotza gehiago eragingo ditu urtean, oro har, gaixotasunen eta bizi-baldintzen alterazioen ondorioz. Gipuzkoan, ikusi ahal izan denez, beroarekin lotutako heriotzak izugarri igo ziren 2023an. 2022. urtearekin alderatuta, tenperatura altuek eragindako heriotzen kopurua % 273,7 handiagoa izan zen. Iaz, osasunerako egokia den tenperaturaren atalasea gainditu zuten egunen kopurua % 30 hazi zen.

Kezkatzeko beste faktore bat gaixotasunak transmititzen dituzten bektoreen hedapena da, hala nola tigre-eltxoa eta ardiaren kaparra. Horien habitata zabaldu egin da tenperaturak gora egin duelako. Intsektu horiek gaixotasunak zabal ditzakete eta haien presentzia hazi egin liteke, neurri egokiak hartu ezean.

Txostenak Bizkaiko Golkoko itsas mailaren igoerak eragin ditzakeen arazoen berri ere ematen du. Erregistroen arabera, 90eko hamarkadatik, euskal kostaldeko itsas maila, batez beste, hamarkada bakoitzeko 2,5 cm igo da. Horrek arrisku gehigarriak dakartza Gipuzkoako kostaldeko eremuetarako, bai itsas bero-boladen maiztasuna handitzeagatik, bai bertako biztanleen ekonomian eta eguneroko bizitzan izan dezakeen inpaktuagatik.

Azterketa horren ondorioek berresten dute premiazkoa dela klima-aldaketaren ondorioak arinduko dituzten tokiko politikak eta neurriak hartzea, ez bakarrik ingurune naturala babesteko, baita gipuzkoarren osasunerako eta ongizaterako arriskuak murrizteko ere.