Genero-arauen eta rolen eragina hezkuntzan

Emakundek argitaratu duen ikerlan baten arabera, mutilek eta neskek rol, denbora eta zeregin desberdinak hartzen dituzte beren gain ikasgeletako lantaldeetan

Emakundek argitaratu berri duen “Genero-desberdintasunak modu kooperatiboan argitu eta kudeatzeko hezkuntza-arloko ikerketa-ekintza” ikerlanaren arabera, mutilek eta neskek rol, denbora eta zeregin desberdinak hartzen dituzte bere gain DBHko zein unibertsitateko ikasgeletako lantaldeetan. Aipatu ikerlana Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerketa-lanei emandako bekaren emaitza da.

Txostena UPV/EHUko Patricia Martínez Garcíak eta Delicia Aguado Peláezek egin dute Igor Ahedo Gurrutxagaren koordinazioarekin.

Emaitzak

Ikerlanaren arabera, taldekako lanetan irakasleriaren kontroletik kanpo geratzen diren dinamikak sortzen dira eta horietan menderatze-logiken eragina agerikoagoa omen da. Horrela, identifikatu da lantalde mistoetan, batez ere emakumeek hartzen dituztela notak, eta proportzionalki lankideek baino lan gehiago egiten dutela, nahiz eta talde batzuetan zereginak partekatuago egon.

Ikerlanaren arabera, neskak dira, nagusiki, materiala erosi, aurkezpena diseinatu, dokumentazioa bilatu eta azken emaitza zuzentzen dutenak. Aurkezpenetan, berriz, nesken parte-hartzea txikiagoa izaten da. Horrela, neskek jarduera guztietan parte hartzen dute, baina, bereziki, zeregin ikusezinetan.

Ikerlanak agerian uzten duenez, genero-arauek ikasgelan parte hartzen duten horien guztien gaitasunak, itxaropenak, nahiak eta beharrak baldintzatzen dituzte. Adibidez, auto-exijentziaren genero-arau femeninoak eragin handia du nesken artean: lan ona egin beharra eta, horrekin batera, lan-taldearentzat lan egiteko inurri-rola hartu beharra dutela sentitzen dute.

Ildo berean, diskrezioaren eta auto-exijentziaren genero-arau femeninoek ere badute zerikusia iruzurgilearen sindromearekin, hala, askotan sentitzen dute ez direla behar bezain onak edo ez daudela arlo publikoa okupatzeko behar adina prestatuta.

Ikus daitekeenez, genero-arau femeninoek ikasgelan nesken parte-hartzea desaktibatzeko joera dute. Ondorioz, neskek gutxiago hitz egiten dute publikoki eta egiten dutenean, gehiago prestatzen dute zer esan, legitimazio gutxiago dutela sentitzen dute, leku gutxiago hartzen dute eta gehiago zigortzen dira hori egiteagatik. Gizon eta mutilek, aldiz, askatasun handiagoa omen  dute arlo publikoa okupatzeko orduan.