Historian zehar zientziari ekarpen garrantzitsuak egin dizkioten emakumeak aurki daitezke. Hala ere, horietako askoren lana oraindik ez da ezagutzen, hainbat kasutan, beren aurkikuntzen meritua beren kideek eraman dutelako, eta beste hainbatetan, zuzenean, beren senarrek.
Zientzia eta teknologian aurrera egiten lagundu duten arren beren istorioak askotan ahaztuta geratu diren emakume horien guztien ibilbidea ospatzeko eta aitortzeko, otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen da. Gainera, egun horretan ere, emakumeek eta neskek zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikaren alorretan (STEM) hezkuntzarako sarbide bidezkoa eta osoa izatea aldarrikatzen eta sustatzen da.
Genero-arrakala
Izan ere, zientziaren eta teknologiaren alorreko genero-arrakalak, oraindik ere, oztopo bat izaten jarraitzen du emakumeentzat, nahiz eta egia den hainbat aurrerapen lortu direla mundu akademikoan. NBE Emakumeak erakundeak kalkulatu duenez, ikerketa munduan aritzen diren pertsonen heren bat bakarrik dira emakumeak. Kopuru horrek ez du bat egiten unibertsitatean diren kopuruekin: Unescoko Estatistika Institutuak emandako datuen arabera, graduko ikasleen % 45 eta graduondoko ikasleen % 55 emakumeak dira. Doktorego ikasketetan ere kopurua oso antzekoa da (% 45).
Bada emakumeak nagusi diren sektore bat, osasuna eta asistentziarena, hain zuzen ere; bertan lan egiten duten pertsonen % 70 inguru emakumeak dira. Baina kasu horretan ere, jasotzen duten soldata, gizonezkoekin alderatuta, % 11 baxuagoa da. Aurten ospatu den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat eginez Unescok argitaratu duen txosten baten arabera, ingeniaritzan lizentziatzen diren ikasleen % 28 baino ez dira emakumeak eta informatikan lizentziadunetakoen artean, berriz, % 40 inguru.
Unescok gogorarazten duenez, orokorrean, emakume ikertzaileek ibilbide profesional laburragoa izaten dute eta, gainera, gutxiago ordaintzen zaie. Haien lanak ez du isla handirik puntako zientzia aldizkarietan eta, sarritan, ez dira kontuan hartzen maila-igoeretarako. Gizonezko lankideekin alderatua ikerketa-beka apalagoak jaso ohi dituzte eta akademia zientifiko nazionaletako kideen % 12 baino ez dira emakumeak.
Datuak
Eurostatek 2019. urteari dagozkion emandako datuen arabera, Europar Batasunean 6,3 milioi emakume zientzialari eta ingeniari baino gehiago daude, hau da, alor horietan lan egiten duten profesional guztien % 41 inguru. Baina Estatu kideen artean alde handiak ikus daitezke; adibidez, Lituanian emakume zientzialari eta ingeniarien kopurua % 55ekoa den bitartean, Luxenburgon % 28 besterik ez da.
Euskadin, Eustatek emandako azken datuen arabera, 2019. urtekoak, alegia, Ikerketa eta Garapena alorrean 19.619 pertsonak egiten dute lan lanaldi osoan. Horietatik, % 36,6 besterik ez dira emakumeak. Nafarroan, berriz, Nafarroako Estatistika Erakundeak 2019. urteari dagozkion eman dituen datuen arabera, lanaldi osoko I+G jardueretan 4.982 langile aritu ziren, eta horietatik, 3.024 ikertzaileen kolektibokoak ziren. Horietatik guztietatik, % 40,5 emakumeak ziren.
Emakumeak Euskadiko zientzian
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Eustatek emakumeak Euskadiko zientzian duen presentziari buruzko ikuspegi zabalagoa eskaini du eta bere azterketan I+G jarduerak, bigarren hezkuntza eta unibertsitate-hezkuntza sartu ditu. Horrela, Eustatek eman dituen datuen arabera, 2019an 32.232 pertsona ari ziren I+G esparruan lan egiten eta horietatik, 12.162 emakumeak ziren. I+G arloan lan egiten duten pertsona guztietatik, administrazio publikoan emakumeak % 60 dira, irakaskuntzaren sektorean % 49,9 eta, azkenik, enpresen sektorean
% 29,5 baino ez.
Diziplina zientifikoei dagokionez, Ingeniaritza da, 20.614 pertsonarekin (guztizkoaren % 64), I+G jardueretan lan egiten duten pertsona gehien biltzen dituen diziplina. Sektore horretan emakumeen protagonismoa handia da. Izan ere, I+G alorrean lan egiten duten emakumeen ia erdiak (% 48,5) diziplina horretan egiten du lan, baina, oraindik ere, gizonen kasuan den proportzioa (% 73,3) baino askoz txikiagoa da, eta horrek erakusten du ingeniaritza oso eremu maskulinizatua dela.
Bitartean, Ikerketa eta Garapenean lan egiten duten emakume guztietatik % 22,8k Medikuntza Zientzietan egiten du lan. Sektore horretan lan egiten duten gizonezkoen proportzioa, berriz, % 9,3koa da. Gizarte Zientzietan ere emakumeen proportzioa (% 15) gizonena baino handiagoa da (% 7,8).
Emakumearen presentziaren bilakaera I+Gn
Azken urteetan, emakumearen presentzia I+G sektorean nabarmen hazi da. 1993. urteko Eustaten datuen arabera, Euskadin aipatu sektorean lan egiten zuten emakumeen kopurua % 22,3koa zen; 2003an % 31,3 eta, progresiboki, handituz joan da gaur egungo % 37,7ra iritsi arte.
I+G sektorean diren emakumeen kopurua 1993ko 1.928tik 2019ko 12.162raino hazi da. Ingeniaritza izan da joera aldaketa hori gehien bultzatu duen diziplina zientifikoa, I+Gko emakumeen ehunekoa bikoiztuz, % 14,1etik % 28,6ra.
Unibertsitatean, batxilergoan eta Lanbide Heziketan
Unibertsitateko ikasleen % 56 emakumeak dira, baina Osasunaren eta gizarte-zerbitzuen graduetan kopuru hori % 75,49raino hazten da. Natur Zientziak, Kimika, Fisika eta Matematika bezalako graduetan, berriz, emakumeen kopurua ikasleriaren ia % 50ekoa da (% 49,7).
Mekanika, Elektronika, Industria eta Eraikuntzarekin lotutako graduetan ikasleria osoaren % 28,94 emakumeak dira. Eta, azkenik, % 16,76 baino ez dira Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan.
Batxilergoan, Eustatek egiaztatu du proportzio bera dagoela mutilen eta nesken artean, baina emakumeen presentzia handiagoa da aukera guztietan, Zientzietan izan ezik (% 48). Nabarmentzekoa da nesken matrikula-kopurua askoz handiagoa dela Arteetan eta Giza Zientzietan (% 70) eta Gizarte Zientzietan (% 60).
Lanbide Heziketan, aldiz, ikasleria osoaren heren bat (% 33) besterik ez dira neskak. Kasu horretan gehien aukeratzen diren adarrak honako hauek lirateke: Irudi pertsonala (ikasleria osoaren % 90); Ehungintza, Jantzigintza eta Larrugintza (% 80); Gizarte eta Kultura Zerbitzuak (% 80); Osasuna (% 75); Administrazioa eta Kudeaketa (% 60); Elikagaien industriak (% 60); eta, Kimika (% 60). Eskainitako gainerako familietan gizonak dira nagusi, Merkataritza eta Marketinean izan ezik, parekotasuna baitago.