Genero-berdintasunaren II. zikloa Gasteizen

Vital Fundazioak antolatzen duen ekimen honen barruan programatutako jarduerak martxoan eta apirilean zehar izango dira

Martxoaren hasieran hasiko da Gasteizko Genero Berdintasunaren Zikloaren bigarren edizioa. Ekimenak LGTBIQ+ kolektiboa, emakumea historian, amatasuna, etxeko esklabotza, emakume artista eta pornografia bezalako gaiak jorratuko ditu. Horretarako hainbat jarduera prestatu dira, hala nola bakarrizketak, hitzaldiak, mahai-inguruak, zinema-emanaldiak eta antzerki-emanaldiak.

Programa

Zikloa martxoaren 6an hasiko da Zaida Carmonak zuzendutako ‘La amiga de mi amiga’ filmarekin, ‘Emakumea ikus-entzunezkoetan’ zikloaren barruan. Hainbat jaialditan saritutako fikziozko komedia honek, Donostiakoa barne, LGTBIQ+ gaia jorratzen du.

Martxoaren 7an, ‘Historiaren dibulgatzaileak’ izeneko mahai-ingurua izango da. Bertan, hiru historialarik eta Naiara López de Munain kazetariak emakumeen historiarekin lotutako genero-estereotipoak, amen-omenak eta fake news-ak aztertuko dituzte.

Martxoaren 15ean Patricia Sornosa komikoak ‘Desaparezca aquí’ bakarrizketa eskainiko du. Sarrerak 3 euroren truke erosi ahal izango dira..

Apirilaren 5ean, ‘La vida secreta de las madres’ obra antzeztuko da. Zuzeneko podcast formatua jarraituz emakumeek amatasunean bizi izaten dituzten gorabeherak jorratuko dira.

Apirilaren 10ean, Dorleta Ortiz de Elgueak ‘Artistas, Musas y Agitadoras’ hitzaldia eskainiko du. Eta, azkenik, apirilaren 12an, Mónica Alario Gavilán filosofo eta ikertzaileak pornografiari eta genero-indarkeriari buruzko hitzaldia emango du. Bertan pornografiak belaunaldi berrien sexu-hezkuntzan duen eragina aztertuko du.

Jarduera guztiak Vital Fundazioa Kulturunean izango dira. Sarrerak www.fundacionvital.eus webgunean eta Vital Fundazioaren egoitzan eros daitezke.