Genero-indarkeria gazteen artean: datuak eta pertzepzioak

Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko eguna ospatzen da. Indarkeria mota hori gure gizarteak egun pairatzen duen gaitz nagusienetako bat da eta, amaitzear den urte honetan, jada, 55 dira Estatu mailan gizon batek eragindako indarkeriaren eraginez erailda izan diren emakumeak. Zoritxarrez, lerro hauek irakurtzen dituzunerako, seguruenik, kopuru hori handiagoa izango da.

Genero-indarkeria ez da soilik pertsona helduen kontua eta, esparru horretan lan egiten duten erakunde desberdinek salatzen dutenez, gero eta arruntagoak dira jarrera biolentoak gazteen artean. Antza denez, belaunaldiz belaunaldi transmititzen den arazoa da. Erakunde horiek azpimarratzen dutenez, indarkeria horretan teknologia berriek eta horien erabilera zitalak zer ikusi handia dute, batez ere gizarte sare eta sakelako telefonoaren bidez.

Emakundek, Emakumearen Euskal Erakundeak, 2014. urteari dagozkion emandako datuen arabera, iaz, 4091 emakume izan ziren genero-indarkeriaren biktima Euskal Autonomia Erkidegoan. Horietatik, 1425 (% 34,84) 30 urtetik beherako emakumeak izan ziren. Aurten, sexu-askatasunaren kontrako delituak direla eta ia 200 salaketa jarri dira EAEn. Horietatik, ia erdia (% 41) 14 eta 17 urte bitarteko gazteenak izan dira eta beste % 15 inguru 18 eta 20 urte bitarteko gazteek jarritakoak.

Emakunderen aipatu txostenak beste zenbait datu kezkagarri utzi ditu: aipatu biktima horietatik guztietatik, 386 (% 9,45) adingabeak ziren. Azken kasu horretan, adingabeek pairatzen duten indarkeria mota nagusienak intrafamiliarra (% 44,3) eta sexuala (% 43,78) dira. Kasu gehienetan, erasotzailea bikotekidea edo bikotekide ohia izan zen.

Erasotzaileei dagokionez, Emakunderen txostenak azaltzen duenez, kasuen % 26,29an, erasotzailea 30 urtetik beherako gizon bat izan zen.

Biktima eta borrero

Adituek azpimarratzen dutenez, gazteen arteko harremanetan ohiko edo betiko ereduak errepikatzen dira, hots, esklusibotasunean oinarritzen diren jabego eta kontrol mekanismoak nagusitzen dira eta horiek, jelosiaren bitartez, jarrera biolentoak sor ditzakete. Hau neska zein mutiletan ematen da baina, datuek azaltzen dutenez, batez ere, mutilen artean. Kontutan izan behar da, genero-indarkeria kasu gehienak emakume ezkongabe edo banatuen artean ematen direla eta, gainera, kasu horietan, emaitzak askoz larriagoak izaten ohi direla. Gai hau jorratzen duen Ianire Estebanezek gure aldizkarian bertan azaldu zuenez, emakume gazteek beldur handia omen diote bakardadeari eta, horregatik, nahiago izaten dute osasuntsua ez den, hots, berdintasunean oinarritzen ez den harreman batean izatea inolako harremanik ez izatea baino. Estebanezen ustez, horrek zer ikusi handia du jasotako hezkuntzarekin, kasu gehienetan, emakumeak beti zaintzan hezituak izan ohi direlako; besteak zaintzeko edo besteen aurrean atseginak izateko hezituak, hain zuzen ere.

Azterlanak

Esan bezala, gazteen artean ematen den genero-indarkeria adituen arreta eta kezka piztu duen afera da eta, azken hilabeteetan, horren inguruko azterlan desberdinak argitaratu dira.

Agian, garrantzitsuena, urte honen hasieran Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak argitaratutako Percepción de la Violencia de Género en la Adolescencia y la Juventud azterlana dugu. Aipatu azterlan horretan, gazteek genero-indarkeriaren inguruan dituzten iritzi eta jarrerak jaso nahi izan dira.

Txostenean, estatuko gazteriak genero-indarkeriaren alderdi desberdinen inguruan dituen pertzepzioak azaltzen dira eta emaitza horiek biztanleria osoarekin egindako antzeko azterlan batetik lortutako datuekin alderatzen dira. Itxaropenerako datuak badira ere (gazteek genero-desberdintasunen pertzepzio handiagoa dute, adibidez), beste zenbait, gehiegi, apika, kezkagarritzat jo daitezke.

Aipatu ikerlan horretan, adibidez, gizon gazteen % 92 indarkeria matxistaren aurka azaltzen da, baina guztiek ez dute indarkeria eredu desberdinak modu berean ikusten. Horrela, 15 eta 29 urte bitarteko hiru gaztetatik batentzat ‘saihetsezina’ edo ‘onargarria’ da bikotekidearen ordutegiak kontrolatzea, bere harremanak ikuskatzea edo lan egitea ekiditea.

Adituek azpimarratzen dutenez, gazte gehienek ez dituzte abusu psikologikoaren oinarrian diren jarrerak (denboraren eta lagunen kontrola, janzkeraren inguruko iruzkinak…) biolentotzat jotzen, agian, gradualki azaltzen ohi direlako. Izan ere, ezkongaietan horrelako jarrerak identifikatzea indarkeria ekiditeko lehen urratsa izan daitezke, baina nerabeek horrelako harremanetan duten esperientzia eta informazio faltak ere eragin handia du. Bikotekidea kontrolatzeko saiakerak, familia eta bestelako lagunekin den denbora mugatzea, ahozko-oldarkortasuna, norberak egiten dituen akatsak ez onartzea, gehiegizko jeloskortasuna… bezalako jarrerek harreman bat berdintasunean oinarritzen ez denaren seinale izan daitezke. Kontrako kasu gehiegi ematen badira ere, normalean, indarkeria fisikoa ez da bizikidetza hasi arte azaltzen. Gazteriak Internet eta gizarte sareez egiten duen erabilpen hedatuagoak ere kontrolerako bide berriak zabaldu omen ditu.

Pertzepzioak

15 eta 29 urte bitarteko gizon gazteen % 44ak, gaur egun, esparru guztietan (lan merkatua, lanpostuen egonkortasuna, lanpostu hobeak lortzeko aukerak…) desberdintasun handiak daudela onartzen du. Adin-tarte bereko emakumeen artean, aldiz, ehunekoa % 63koa da. Txostenak jorratzen genero-indarkeriaren inguruko alderdi gehienetan emakumezkoen pertzepzioa gizonezkoena baino handiagoa izaten da. Adibidez, emakume gazteen % 93aren ustez emakumeenganako tratu txarrak nahiko edo oso hadatuta daude eta gizonezkoen kasuan, berriz, % 85arentzat. Dena den, emakume gazteen artean ere bada kezkarako datu bat. Izan ere, emakume gazteek (15 eta 29 urte bitartekoak) beste adin-tarteetako emakumeek baino genero-indarkeriarekiko gaitzespen handiagoa azaltzen badute ere (% 96 eta % 92, hurrenez hurren) kritikotasun urriagoa azaltzen dute kontroleko indarkeriaren aurrean, hots, ‘naturalagoa’ edo ‘onesgarriago’ ikusten dute indarkeria mota hau. Gauza bera gertatzen da gizon gazteen artean, hots, beste adin tarteetako gizonek baino gaitzespen maila handiagoa azaltzen dute baina, ondoren, kritikotasun gutxiago azaltzen dute kontroleko indarkeriaren aurrean.

Azpimarratzekoak ere dira ikerlan honetan azaltzen diren estereotipoen inguruko datuak. Horrela, gazte eta nerabeek erasotzaileak errugabetzeko joera handiagoa azaltzen dute, “buruko gaitzen bat izango du” bezalako argudioetan oinarrituz.